Gaur da azken eguna Plentziako Esaera Zaharren Txapelketan izena emateko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ira. 19a, 16:09

Irailaren 24an, larunbata, Esaera Zaharren Txapelketaren bigarren edizioa egingo dute Plentzian. Hitzordua goizeko 11etan jarri dute, Eliz plazan. Txapelketan parte hartzeko izen emate epea gaur bertan amaituko da eta interesatuek Goñi Portal kultur etxera, Plentzia Telebistaren lokalera edo La Kala tabernara jo beharko dute. Horiek, bost euro ordaindu beharko dituzte eta, beste hamaika jarriz gero, bazkari txartela ere eskuratuko dute. Bestalde, Internet bidez ere egin daiteke inskripzioa, esaerazaharrakplentzian@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaliz taldearen izena, telefono zenbaki bat eta helbide elektroniko bat emanda. Saioan zehar, lehiaketako parte hartzaileekin batera, Igor Elortza eta Miren Amuriza bertsolariak izango dira protagonistak. Argazkian, Sopelako Esaera Zaharren txapelketan batutako parte-hartzaileetariko batzuk, aurreko edizio batean.

Esaera zaharrak eta horien azalpena:

1.ABENDUKO EGUNA, ARGITU ORDUKO ILUNA
Abenduan egunak oso laburrak dira eta oso goiz iluntzen du.

2.ADISKIDE ONEKIN ORDUAK LABUR
Konpainia onean gaudenean denbora azkarrago pasatzen dela iruditzen zaigu.

3.AITA BILTZAILE, SEME GASTATZAILE
Askotan gurasoek bizitzan zehar lortutako guztia seme-alabek gastatzen dute arin-arin.

4.AMARI EGINDAKO ZORRAK EZ DIRA INOIZ ORDAINTZEN
(Zorra= deuda)
Amek normalean dena ematen dute seme-alaben alde, baina seme-alabek ez dute beti modu berean erantzuten.

5.APAIZAK ETA PRAILEAK, HEGAL GABEKO BELEAK
Erlijio gizonak ez dira beti oso onak izan historian zehar; bestetik, belea sorginkeria eta gaiztakeriarekin lotu izan da beti.

6.ARDI GALDUA ATZEMAN DAITEKE, ALDI GALDUA BERRIZ EZ
Bizitzan askotan aukerak konturatu barik pasatzen zaizkigu eta zaila izaten da momentuan ohartzea.

7.ARDO GOZOAK LAU BEGI ETA OINIK EZ
Ardo on asko edaten denean dena modu bikoitzean ikusten da eta ez gara ibiltzeko oso ondo egoten.

8.ASKO BALIO DU INDARRAK, GEHIAGO BURU AZKARRAK
Askotan indartsua izatea baino garrantzitsuagoa da burua erabiltzen jakitea. Erdaraz: “Más vale maña que fuerza”.

9.ASKOREN MINA, TONTOEN ATSEGINA
Erdarazko “Mal de muchos consuelo de tontos” esaeraren parekoa.

10.ASTOA, ZALDIZ JANTZI ARREN, BETI ASTO
Gauzak diren bezalakoak dira, itxura aldatzen saiatu arren.

11.AURPEGIAK ASKO ESATEN DAU
Gaztelaniaz badago honen parekoa: “La cara es el espejo del alma”.

12.BAKOITZAK BERE ASTOARI EGITEN DIO ARRE
Bakoitza bereaz arduratzen da (edo arduratu behar da).

13.BALIZKO ESNEAREKIN EZIN GOSALDU
Hipotesietan ibiltzeak ez digu ezertarako balio bizitza errealean.

14.BARATXURIA, ZAZPI GAITZEN KONTRAKO JANARIA
Baratxuria: berakatza / Gaitz: gaixotasun, kalte
Baratxuria ona da hainbat gaixotasun sendatzeko (edo prebenitzeko).

15.BAT ESAN ETA BESTEA EGIN, NOLA ASMATU HORRELAKOEKIN?
Normalean, gauza bat esan eta beste bat egiten duten pertsonekin ez da jakiten zelan jokatu, ez dakigulako zerekin etorriko zaizkigun.

16.BEHI BAT ESNETSUE OBA, BI ANTZU BAÑO
Hobea izaten da gutxi eta ona edukitzea, asko eta txarra baino.

17.BESTEREN KONTURA DENEAN, JALE TXARRIK EZ
Denok egoten gara prest zerbait egiteko beste norbaiten kontura egingo badugu, eta askotan, hobeto egiten dugu.

18.BI URTE HITZ EGITEN IKASTEKO; BIZITZA OSOA ISILIK EGOTEN JAKITEKO
Hitz egiten erraz ikasten dugu, baina momentu askotan isilik egon behar dugu, eta momentu horiek zeintzuk diren jakitea ez da hain erraza izaten. Isilik geratzea (hanka ez sartzeko) zaila da eta askok ez dute bizitza osoan ikasten.

19.BURLA MINENA, EGIA DIOENA
Askotan egia esaten denean egiten da minik handiena, egia entzutea askotan oso gogorra da eta.

20.BURURIK EZ DUENAK, HANKAK IBILI BEHAR
Gauzak egin baino lehenago, ondo pentsatu; bestela, lan bikoitza egingo duzu.

21.DAGOENEAN PAR-PAR, EZ DAGOENEAN NEGAR
Momentu batzuetan pozik egongo gara gauzak ondo atera zaizkigulako; beste batzuetan, ordea, triste egongo gara ez zaizkigulako hain ondo atera.

22.DIRUA MORROI ONA, BAINA NAGUSI TXARRA
Dirua gure menpe dagoenean ez dago arazorik, baina kontrakoa gertatzen denean ez da hain ona izaten. Dirua edukitzea hobea da faltan izatea baino.

23.EGIA EGI, OGIA OGI, ARDAUA ARDAU, BI TA BI LAU
Gauzak diren bezalakoak dira edo izan behar dira eta ez dago beste bueltarik.

24.EGIA HUTSA BE, GAUZA SIKUA EI DA
Noizean behin gezurtxoren bat esatea ona da, baina bakarrik noizean behin eta gezur txikiak. Beti egia esatea gogorra da.

25.ENBIDIOSOA, BERE ETSAI OSOA
Inbidia oso txarra da eta besteen inbidia daukan pertsonak bere buruari egiten dio kalterik handiena. Daukagunarekin pozik egoten ikasi behar dugu, besteek daukatenari hainbeste erreparatu barik.

26.ENTZUN ETA ISIL, BAIEZKO BOROBIL
Gaztelaniaz: “El que calla, otorga”.

27.ERORIZ IKASTEN DA OINEZ
Gauzak apurka-apurka ikasten dira, pazientziaz eta akatsak eginez. Akatsetatik beti ikas daiteke zerbait.

28.ESKUKO BEHATZAK ERE EZ ZITUEN JAINKOAK BERDINAK EGIN
Behatzak: atzamarrak
Den-denok gara ezberdinak, onerako edo txarrerako.

29.ETXEAN OTOITZIK EZ EGITEN, ETA AUZOAN MEZA EMATEN
Jende askok berak bakarrik dagoenean egiten ez duena, besteen aurrean egiten du (hipokresia) .

30.ETXEKO SUA ETXEKO HAUTSEZ ESTALI BEHAR DA
Etxeko arazoak etxe barruan konpontzea da onena.

31.EUSKARA BIHOTZEAN BAINA ERDARA EZPAINETAN
Gure herrian, zoritxarrez, egunero argi eta aldi gehiegitan ikus daitekeen egoera.

32.EZ EUKITXA ERE, MAITE ZAITXUNAK EMANGO DIZU
(Ez edukita ere, maite zaituenak emango dizu)
Maite zaituen pertsonak beti egingo du ahal duena zu laguntzeko eta zerbait behar baduzu beti saiatuko da hori ematen, ez badauka ere.

33.EZKONDU BAINO LEHEN, KONTU ZER EGITEN DEN
Ezkontzea oso kontu serioa da eta askotan ondo pentsatu gabe egiten da, baina gauzak ez dira beti diruditen bezain politak eta onak, horregatik ondo pentsatu behar da ezkondu aurretik.

34.FESTAK AURREA EDERRAGO DU ATZEA BAINO
Jaietan oso ondo pasatzen du jendeak, baita jaien aurretik ere, ailegatzeko gogoz egoten delako, baina ostekoa beste gauza bat da, hor ez da hain ondo pasatzen (eta urteekin gero eta txarrago!).

35.GANORABAKOEN ETXEAN GOIZEKO SALDA ARRATSEAN
(Ganorabako= ganorarik edo fundamenturik ez daukana)
Fundamenturik ez daukaten pertsonek, gehienetan, gauzak edozein modutan egiten dituzte.

36.GAUR HITZA EMAN, BIHAR HAIZEAK ERAMAN
Gehienetan hitzek ez daukate balio handirik eta gaur esaten dena biharko ahaztuta dago, ez bada paperean jasotzen.

37.GEZURTIAK ZER DUEN MEREZI? EGIA ESATEAN EZ SINETSI
Norbaitek gezur asko esaten badizu, horixe izan daiteke zigorrik onena: egia esaten dizunean ez sinestea. Artzain gezurtiaren ipuinaren irakaspena (“moraleja”) da hori.

38.HAITZEAN JAIOAK HAITZERA NAHI
Bakoitzak bere jaioterrian edo jaiotako lekuan egon nahi du eta hori da defendatzen duena beti. (Gaztelaniaz= “La cabra tira al monte” edo horrelako zerbait)

39.HARROAK ESKURIK EZ, BAI AHOA
Harroek ez dute ezer egiten, baina aho handia dute gero euren burua goratzeko.

40.HARTZEKO PRONTO, EMATEKO TONTO
Errazagoa izaten da hartzea ematea baino eta arinago ibiltzen gara hartu behar dugunean eman behar dugunean baino.

41.HITZEK BAINO GEHIAGO LORTZEN DUTE MALKOEK
Askotan lau malko botata pentsaezinak diren gauzak lortzen ditu jendeak. Hitz eginez baino askoz gehiago.

42.IBILTARI GAUEAN, LOGALE GOIZEAN
Gauez hortik ibili ostean goizetan ez gara oso fresko egoten.

43.JAKINDURIAK MUGAK DITU; EZJAKINTASUNAK EZ
Ezer ez dakitenek, asko dakitelakoan, botatzen dituzte munduko astakeriarik handienak. Dakienak, ordea, moderatzen du bere diskurtsoa.

44.KANPAIA NAHI EZ DUENAK ADITU, EZ DEZALA SOKA MUGITU
Ez badugu zerbait gertatzea nahi ez dugu hori probokatu behar, probokatzen badugu ondorioak jasan behar izango ditugu.

45.KATILUAN ZEIN ITSASOAN, ITOTZEA BETI ITOTZE
Hiltzeko modu asko daude, batzuk heroikoak, beste batzuk tontoagoak, baina emaitza azkenean berbera da.

46.LANIK ERRAZENA, AGINTZEA
Agintzea denoi gehien gustatzen zaigun lana da, gainera ez da ahalegin handirik egin behar horretarako.

47.LAZTAN ASKO TA MAITE GITXI, ASKO GURE ETA BERTAN ITXI
Giza-harremanetan, maitasuna barne, sakontasuna behar da; bestela, azaleko harremanak sortzen dira eta horiek berehala desagertzen dira (bakoitzak nahi duen bezala uler dezala!).

48.LISTUEK EGOTEKO LELUEK BE EGON BEAR
Pertsona azkarra ergelaren lepotik bizi ohi da.

49.LOREAK ARANTZIA, TA GOZUAK BE MINGOTSA
Arantzia: arantza
Gauza guztiek daukate euren alde txarra, onak badira ere.

50.LOTSABAKOARI LOTSABAKO T' ERDI.
Lotsabako: lotsagabe
Inor oso lotsagabea bada zurekin, onena da modu berean edo okerrago erantzutea, lotsa gutxirekin edo gutxiagorekin. Gaztelaniaz: “Si quieres taza, taza y media”.

51.MARINELAREN EMAZTEA, GOIZEAN SENARDUN, ARRATSEAN ALARGUN
Marinelen bizimodua oso latza da, itsasoan ibiltzea arriskutsua da eta emazte askok galdu du senarra itsasoan.

52.MEDIKUAK GORPUTZA GARBITU, APAIZAK ARIMA, ABOKATUAK POLTSA
Abokatuek beti eduki dute oso fama txarra jende artean.

53.NAHI BADA JAN, EGIN BEHAR DA LAN
Zoritxarrez, janaria erosteko dirua behar dugu eta dirua lortzeko lan egin behar dugu (gehienok, behintzat).

54.NESKATXA POLITAK, IDIAK BAINO GEHIAGO TIRATZEN
Gaztelaniaz: “Tiran mas dos tetas que dos carretas”.

55.ONA TA MERKE, NEUK BE HARTUKO NEUKE
Gutxitan gertatzen da gauza ona merke egotea, baina horrelako zerbait gertatzen zaigunean aukera aprobetxatu behar da.

56.OPARIA, LOKARRIA.
Lokarri: “atadura, obligación”
Zerbait ematen badigute oparitan, nolabaiteko obligazioa sortzen zaigu oparia egin digun horrekiko. Zorretan geratzen gara berarekin.

57.SALDA HOTZA ETA ARDO BEROA, GAUZA EROA
Gauzak modu egokian erabili behar dira. Horregatik, ez da batere zentzuduna salda hotz dagoela hartzea, edo ardo beroa edatea, edo beste hainbat gauza.

58.SANTUTASUN ETA DIRU, HAMARRETIK HIRU
Oso-oso zaila da (ezinezkoa ez esateagatik) aldi berean aberatsa eta santua izatea. aukeratu egin behar da: aberatsa ala santua.

59.ZIKINA GARBITZEN UREZ, GAIZKIA URREZ
Zikintasun mota asko dago: fisikoak urez garbitzen dira, baina moralak diruz garbitu ohi dira (isun, kalte-ordain edo eroskeriaren bidez).

60.ZUHURRAK, INDARTSUA GARAITU
Askotan hobea da azkarra izatea indartsua baino.
Gaztelaniaz: “Más vale maña que fuerza”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun