Miliaren aurkezpen ekitaldian, Alvaro Gonzalez tokiko kirol zinegotziak aipatu duenez, “2008an proba antolatzeari berriro ekin ondoren, gure kirol egutegi aberatsaren parte bat bihurtu nahi den lasterketa da eta, aldi berean, urteko egun jakin batean atletismoko eliteko atleta ospetsuak bildu nahi ditugu”. Azkenik, zinegotziak proban parte hartzera animatu nahi izan ditu herritarrak. Antolatzaileek 250 bat lagun parte hartzea espero dute.
Itxartu Taldearen izenean, Rikardo Ansotegik nabarmendu du kirol lasterketa hobetzen doala urtetik urtera eta horren adierazgarri dela Espainiako Atletismo Federazioaren Milia garrantzitsuenen zerrendan Getxokoak gora egin duela 2008az geroztik, "36garrenetik iazko urtean 21garrena izatera iritsi arte". Ansotegik gogoratu duenez, "lasterketaren helburua berau finkatzea, eta atletismoaren praktika sustatzea da, udalerria bultzatu eta Bizkaiko herritar guztiei kirol ikuskizun bat eskaintzea, Udalak berak dituen jasangarritasun politikak gune publikoak erabiliz bultzatzearekin batera”.
Lasterketan parte hartuko dutenek 1.600 metro inguruko distantzia bete beharko dute, 353 bat metroko zirkuituari lau itzuli eta erdi emanez. Algortako Telletxe kalean izango dira irteera eta helmuga. Probaren zehaztasun teknikoak Dimas Ramos Getxo Atletismo Taldeko arduradun nagusiak eskaini ditu. Antolatzaileek sari bereziak emango dituzte probako errekorrak gainditzen dituztenei.
Izen-ematea
Lasterketarako izen-ematea doakoa da eta interesatuek itxartu.itxartu[abildua]gmail.com edo itxartu.itxartu[abildua]gmail.comhelbide elektronikoetan zein Gaztañaga Kirolak eta Kantxa Kirol Moda dendetan egin ahal izango dute; hilaren 23ra arte, edota irteeran bertan proba bakoitza abiatu baino ordu erdi lehenago.
Zirkulazio neurri bereziak
Lasterketa dela eta, horrek hartuko duen esparrua, hau da, Amezti eta Euskal Herria kaleetako bidegurutzetik Sarrikobaso eta Algortako Etorbideko bidegurutzera arteko eremua itxita egongo da ibilgailuentzat, 11:30etik 13:15era arte.