Arantza Gutierrez Getxoko zinegotzia Ur Partzuergoko Lehendakaritzara aurkeztu du Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ira. 20a, 19:33

Bihar, asteazkenarekin, Bilbo eta Bizkaiko Ur Partzuergoak Batzar Orokorra, lehendakaria eta lehendakariordea berrituko ditu, pasa den udal hauteskundeen emaitzei jarraiki. Gaur Bildu koalizioak jakinarazi duenez, Arantza Gutierrez Getxoko zinegotzia aurkeztuko du lehendakari ardura hartzeko. Berarekin batera, Rafa Ugalde Dimako alkateak osatuko du zuzendaritzarako zerrenda. Hautagaitza horren bidez, Ur Partzuergoaren "demokratizazioa" eta "gardentasuna" lortu nahi ditu Bilduk. Era berean, estatutuak berritzea, ur politika eztabaidatzea, aniztasun politikoa bermatzea, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak orain arte egindako aholkuak jarraitzea, azpikontratazioen aurka egitea eta herritarren parte hartzea sustatzea agindu ditu koalizioak. Halere, BIldu "prest" agertu da neurri horiek bestelako alderdien hitzartzeko eta iragarri du akordioa egonez gero "hautagaitza berraztertzeko prest" daudela. Gutierrez Algortako Zubileta auzoko bizilaguna da eta etxean pairatu ditu Gobelako uholdeak zein zaonaldean jazotako euriteak. Bertako auzo elkarteko kidea ere bada Gutierrez. Argazkian, erdian, Arantza Gutierrez Algortan izandako mitin batean.

Bilduren oharra:

Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergorako presidentzarako hautagaitza

Asteazken honetan, hilak 21, Bilbo-Bizkaia Ur Partzuergoaren Asanblada Orokor berriaren osaketa eta Partzuergoko lehendakaria eta lehendakariordea hautatzen dira. Hartara, Bilduk, bere hautagaitza aurkeztuko du, Arantza Gutierrez [Getxoko zinegotzia] eta Rafa Ugalde [Dimako alkatea] aurkezten ditugularik.

Maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan sentsibilitate politiko ezberdinek aurkeztu eta hautatuak izateko aukera izan zuten, nahiz eta oraindik ezker abertzalearen legeztapena gauzatzeke dagoen gaia izan. Hauteskunde horiek irauli zuten Euskal Herriko mapa politikoa eta, horren ondorioz, Partzuergoko Batzar Orokorraren konposaketa, aurreko bi urteetakoarekin konparatuta, oso ezberdina da.

Euskal Herrian abagune historikoa bizitzen ari gara, aro politiko berrian martxan jarri dugu eta, Bilduren ustez, aldaketa horrek erakunde guztiak zeharkatu behar ditu, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa barne. Izan ere, Partzuergo honetan premiazkoak dira hainbat aldaketa:

Ur Partzuergoaren demokratizazioa beharrezkoa da

Horrek eskatzen du Estatutuen birmoldaketa. Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren 2001eko txostenak aipatzen zuen desoreka zegoela baina demografikoki bai politikoki. Gure ustez, oreka mantendu behar da herri txikiak ordezkatuta egoteko, beti ere gainordezkaritza ekidinez. Eta bereziki garrantzitsuena da oreka politikoa lortzea, hau da, Bizkaiko udalerrietan dagoen aniztasun politikoa Ur Partzuergoaren Batzar Orokorrean ordezkatuta egotea. Konposaketa berraztertu behar da, Lehendakariaren eskumenak, zuzendaritza-organoak Batzar Orokorrek hautatu behar dituela uste dugu, eta ez Lehendakariak. Azken finean, estatutuak aztertu eta aldatu behar direla uste dugu, XXI. mendean, gizarteak eskatzen dituen partehartzerako bitartekoak eta tresnak eskainiz eta funtzionamendua bera demokratizatuz, gure lurraldeko aniztasun politikoa ere kontutan hartuz. Orain arte, EAJ alderdiak kargu guztiak bere gain hartu ditu eta ez du borondate politikorik izan, Partzuergoko zuzendaritza eta kudeaketa guneetan indar politiko guztiak egoteko. Guk konpromiso hori hartzen dugu, eta uste dugu lehendakari gai guztien konpromisoa izan behar dela.

Bizkaian garatu beharreko ur politikaz eztabaidatzeko garaia da

Hartara, Batzar Orokor berezia egitea eskatzen dugu Uraren inguruko politika eztabaidatzeko eta erabakitzeko, baita kudeaketa ere. Izan ere, Ur Partzuergoan, orain arte, azpikontratazioa izan da nagusi, Udal Sareak erakundea beraren existentzia kolokan jarri behar dela uste dugu. Eta eztabaida hau, hurrengo ekitaldiko Aurrekontuak onartu baino lehen egin behar da. Aurrekontuak urrian aurkezten dira, baina aurretik eztabaida estrategikoa burutu behar dugula uste dugu.

Ur Partzuergoaren kudeaketan gardentasuna bermatu behar da

Ildo horretatik, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren 2008ko Txostenak esandakoa kontuan hartu behar dela uste dugu. Zehazki, txosten horrek kritikatzen du Ur Partzuergoak Saneamendu Plan Integralaren azken ebaluazioa egin ez izana. Bizkaitarrok jakin behar dugu nola erabili den beraiek ordaindutako tasa berezi hori eta horretarako aukera bakarra Herri Kontuen Euskal Epaitegiak diona egitea da, hau da, Saneamendu Plan Integralaren azken ebaluazioa egitea. Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren 2008ko Txostenean, 2001ekoan bezalaxe, Saneamendu Tasan BEZa aplikatzea ez dela zuzena aipatzen du. Eta baita alta emateagatik ordaindutakoa (2001 baino lehen), Ur Partzuergoak ez diela itzuli bezeroei.

Azken finean, orain arte eramandako kudeaketa eta uraren politikan dauden akatsak edo hutsuneak zuzendu behar direla uste dugu, horretarako beharrezkoa den eztabaida zabalduz. Argi dago planteatzen ditugun puntuak orain arte Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eramandako politikaren aldaketa eskatzen duela eta horrexegatik aurkezten dugu gure hautagaitza. Hala ere, alderdi ezberdinen artean akordiorako prest gaude, eta gauzatuz gero, gure hautagaitza berraztertzeko prest gaude (lehendakaritza edo lehendakariordetza).

Hauek dira hartzen ditugun konpromisoak

1. Zuzendaritza zein kudeaketa batzorde ezberdinetan aniztasun politika bermatzea.

2. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Estatutuak aldatzeko prozedura martxan jartzea, partehartzaileagoak eta demokratikoagoak egiteko. 
3. Herri Kontuen Euskal Epaitegiak orain arte egindako azken txostenak (2001 eta 2008koak) aztertu eta bertan planteaturikoa betetzeko konpromisoa, aurretik beharrezkoa den eztabaida Batzar Orokorrean eta Bizkaiko gizartean zabalduz.

4. Ur-kudeaketaren gardentasuna bermatzea eta hain zabalduta dagoen azpikontratazioaren kontra jotzea, Ur Partzuergoaren kudeaketa zuzena bultzatuz eta enplegu duina bermatuz.

5. Uraren Kudeaketarako Plan Estrategikoa diseinatzea, Batzar Orokorraren ordezkariez gain, udalerrien parte-hartzea eta herritarrena bermatuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun