Getxoko Udalak auzoko ostalarien eskaera hartu du kontuan tabernak ixteko ordua atzeratzeko erabakia hartzerakoan. Horiek, egun bizi duten eta aurtengo udan euskal kostaldean izandako eguraldi txarraren eraginez okertu den egoera ekonomikoan oinarritu dute beren eskaera, “uste dugu babes horrek hilabete txar horiei aurre egiten lagun gaitzakeela”, adierazi dute auzoko ostalariek.
Josu Loroño zinegotziak aipatu duenez, "ohartu gara bizi duten problematikaz. Are gehiago kontuan hartuta sektore horrek langile ugari dituela Getxon". Era berean, gogoratu duenez, Udalak hainbat ekimen abiatu ditu herriko denda, taberna eta jatetxetan aberastasuna sortzeko asmoz. Izan ere, neurri bereziak hartu dira, hala nola, ostalaritzako saltoki berriak ipintzeko ordenantzen malgutzea; zarama tasa %35ean murriztea; terrazak ipintzearen bermatzea; herriko erdigunetan oinezkoentzako guneak egokitzea; merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko kanpainak; eta bisitariak erakarri eta merkataritza zein ostalarien jarduera laguntzeko kultura eta kirol ekitaldiak antolatzea.
"Sektorea laguntzeko ekimen honekin batera, Udalak herritarren atsedenerako eskubidea babesteko lanean jarraituko du. Egun jakin batzuetan zentzuzko oreka mantentzea da helburua, baina horrek ez du esan nahi jaietan zein beste une batzuetan jokatzen ari garen moduan ez dugunik jokatuko. Esparru horietan tabernen jarduera arautzen duten ordenantza eta dekretuak bete daitezen zorrotz jokatuko dugu”, jakinarazi du Loroñok.