Uribe Kostako 11 gazteei ez zieten torturen aurkako protokoloa aplikatu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ira. 21a, 00:23

Baltasar Garzon epaileak agindu arren, 2007ko urriaren 16an eta hurrengo egunetan atxilotutako Algorta, Getxo eta Berangoko gazteei torturaren aurkako protokoloa ez zietela aplikatu onartu behar izan dute gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean Polizia Nazionaleko kideek. Izan ere, protokolo horren arabera, gatibuak atxiloketatik epailearen aurrera pasatzen direnera arte bideoz etengabe grabatu behar dituzte. Orain arte ia lau urtez egin bezala, Mikel de Gregorio, Joseba Elorriaga, Mikel Rekarte, Josu Rodriguez, Aner Mimenza, Lander Labajo, Txomin Gezuraga, Zigor Goikoetxea, Batxi Galdiz, Gorka Oribe eta Jon Rosalesen abokatuek auziperatuen tortura salaketak berretsi eta bideoak ikustea eskatu dute. Orduan, poliziek onartu behar izan dute bideoak ezin dituztela erakutsi grabatu ere ez zituztelako. Pasa den ekainean, Auzitegi Gorenak Marimertxe Alcocer, Amets Ladislao, Ibai Egurrola eta Xabier Gutierrez uribekostarrak absolbitu zituen antzeko kasu batean, haiek zigortzeko froga bakarrak beren buruen aurkako deklarazioak izanda, ziegetan ez zituztelako grabatu ezta tratu txarren salaketak ikertu ere. Argazkian, gaur Algortan 170 lagun izan dira "Gazte 1+Ez!" lelopeko elkarretaratzean.

Horretaz gain, defentsa eta akusazioaren lekukoak izan dira gaur goizean izandako saio bakarrean. Besteak beste, Joseba Markaida Berangoko PSE-EEren zinegotzia eta Zaitu elkarteko presidenteak deklaratu du. Markaidak azaldu du bere etxeak 2005ean jazo zuen erasoa, hainbat molotov koktelak bota zituztela. Era berean, 2007an beste eraso bat pairatzear egon zela salatu du. Horretaz gain, "hamaika mehatxu" pairatu duela esan die epaileei.

Bere "sendia, ondasun eta abereen" aurkako mehatxuak 2007ko urriaren bukaeraren ostean amaitu zirela ziurtatu du Markaidak, nolabait hamaika gazteen atxiloketekin batera presioak bukatu zirela iradoki nahian. Halere, berak eta akusazioaren beste lekuko guztiek ez dute gazte bat ere ez identifikatu epaitzen ari diren dozena bat kale erasoen egile edo partaide gisa.

Ageriko etsaitasuna eta DNA frogak

Markaidarekin batera, bere emazteak eman du lekukotasuna. Bera izan da Madrilen gaurko anekdotaren protagonista. Izan ere, deklaratu eta gero, kristal baten atzetik, popatik hartzera bidali ditu akusatutako gazteak esku keinu baten bidez. Era berean, "izorratuko zarete" esan die, gazteek UKBERRI.NET-i adierazi diotenez.

Horiez gain, ertzainak, autobus gidariak, perituak eta bestelako lekukoek 2004 eta 2007 bitartean Uribe Kostan izandako kale erasoetan jazotako kalteak edo horiei buruzko zehazkizunak eman dituzte, datu garrantzitsurik eman gabe, defentsaren arabera. Halere, EFE albiste-agentziaren arabera, perituren batek esan du nonbaiten Jon Rosales, Aner Mimenza eta Lander Labajoren DNA aztarnak topa zituztela, baina agentziak ez du zehazten non.

Hori alde batera utzita, beste hamaika kasutan aireratutako Ibon Fernandez Iradi "Susper"-en paperak ere ekarri dituzte Fiskaltzaren lekukoek. Gainera, estatistikoki Bizkaiko beste zonalde batzuetan baino askoz kale eraso gehiago ei zeudelako ikerketa abiatu zutela adierazi dute Espainiako Polizia Nazionalaren Bilboko Informazio Brigada Probintzialeko poliziek.

Epaiketa bihar da amaitzekoa, defentsek eta Fiskaltzak ateratako ondorioak azaldu ostean. Hortaz, baliteke hamar auziperatu bihar Algortako Telletxe plazan izatea, arratsaldeko 8etan egingo den elkarretaratzean. Ostiralerako ere manifestazioa deitu du Eleak mugimenduak, leku beretik, 19:30ean. Hamaikagarren akusatuarekin, Jon Rosalesekin, gaur egoteko aukera izan dute beste bi auziperatuk eta haien esanetan, "sendo eta ondo" dago.

Gaurko kontzentrazioa iruditan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun