Gaur burutu da Espainiako Auzitegi Nazionalean Algorta, Getxo eta Berangoko hamaika gazteren aurkako epaiketaren hirugarren saioa eta bertan fiskalak ETAko kide izatearen akusazioa atzera bota du. Horren ordez, eta sute, mehatxu eta kalte delituak leporatuz, aurretik auziperatuentzat eskatzen zituen isunak espetxe zigor bihurtu ditu azken alegatuan, kale eraso bakoitzeko bi urteko espetxe zigorra eskatuta. Halere, lehergailuak edukitzeagatik eskatzen duen zigorra sei urtetik laura jaitsi du,
Europa Press albiste-agentziak zabaldu duenez. Gauzak horrela, gazte auziperatuek UKBERRI.NETi azaldu diotenez, haietako batzuei eskaerak handitu diete. Jon Rosales eta Arkaitz Goikoetxearen kasuan, eskaerarik txikiena egin du ministerio fiskalak, bi urteko espetxe zigorra. Handiena, berriz, Mikel de Gregorioren aurka aurkeztu du: 12 urte. Defentsak, ordea, guztientzako absoluzioa eskatu du eta gazteak haien buruen aurka deklaratzeko torturatuak izan zirela berretsi du. Bihar amaituko da epaiketa. Argazkian,
auziperatuek pasa den astean emandako prentsaurrekoa.