Getxoko Udaltzaingoak etxebizitza ezagunik gabeko 32 urteko H.M. gizonezkoa atxilotu du gaur goizean Areetan, indarkeriaz lapurtzea egotzita. Udal iturrien arabera, atxilotutakoak larderiaz eta indarkeriaz lapurtzeagatik aurrekariak ditu. Era berean, Getxoko epaitegi batek gizonezkoaren aurkako atxilotze agindua zabalduta zuela jakinarazi du Udaltzaingoak. Polizien bertsioaren arabera, atzo goizeko 7:30ean dei bat jaso zuten Udaltzaingoaren Koordinazio Gunean. Telefonoaren bidez, lekuko batek Areetan izandako eraso eta lapurreta baten berri eman zien. Zehazki, "metroko sarreraren inguruan oihuak entzun eta hurbiltzerakoan neska bat negarrez aurkitu zuela" agertu zuen. Emakumezkoak salatu zuenez, gizon batek poltsa kentzeko kolpatu zuen baina berak aurre egin zionez erasotzaileak ez zuen helburua lortu eta korrika ihes egiteari ekin zion. Biktima Areetako osasun zentrora eraman zuten, han kolpeen ubeldurak sendatzeko.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!