Alabaina, batzuek ez ei dute ekimen elkarkoien oparotasunean sinesten, ezpada diruak ematen dien aberastasunean, eta bizipoza zerbaitek ematen badie diruaren hotsa baino ez da. Ikusi besterik ez dago diru trukean politikan eta botere organoetan dauden ale horiek, kapitalismoaren eta inposizioaren injustizia aplikatuz etorkizunez zamatutako proiektu autogestionatuak zelan suntsitzen dituzten. Hainbat urtetan gazteek eta herri langileak eraikitakoa, handikien zerbitzura dauden mertzenario beltzek egun batean ezereztu nahian aritu ziren inoizko basatien. Horra hor, bestela, asteazkeneko emaitza: hamarnaka lagun atxiloturik, ehunetik gora zauritu, auzokideak, abokatuak eta inguruko beste hainbat jipoiturik, gaztetxe barruan gazte eta ez hain gazteen ahaleginaz eraikitakoa doilorkeria eta basakeria handiz erausirik...
Beltzak ziren egun hartan auzoaren kontra bidalitako poliziak, beltzak dira Ares eta Azkuna, beltzak dira era berean herriaren interesen aurka espekulazioaren izenean maneiatzen dituzten amarruak, eta beltza da haiek gugan ikusi gura duten kolore bakarra. Hala ere, Kukutzak ostadarraren pareko arrasto koloretsua utzi digu, eta arrasto horren poza eta alaitasuna etorkizuneko proiektu berrien hazia izango da, ezen inork pentsatzen badu autogestioa eta herri kulturaren ametsa hemen bukatzen dela jai dauka. Aurreko egunetan Errekalde eta Kukutza herri erresistentziaren eredu izan dira, eta ondorengo egunetan eredu hori Euskal Herri osoan zabalduko da, Azkuna, Ares eta bestelako ale ustelen gogo makurraren kontra.
Oraindik aurretik ikasturte osoa dugu, denok dugu zereginik. Irakaskuntzan gabiltzanok ere badugu zereginik, ezen gure eredu eta gidaritzaren bitartez egun batean gazte eta heldu izango diren umeek beltz jantzi eta jokatu barik hamaika mila koloreko ostadarrak marraz ditzakete. Kontua heziketa onean datza, eta era horretan soilik gaindituko du autogestioaren bake koloretsuak indarkeria beltza.
Bistan dago, beraz, gaur egun indarkeria beltzez jantzita datorrena, baina gure esku dago bihar boterearen amarru beltza iraganeko amets gaiztoa baino ez izatea.
Josu Gotzon Landeta irakasle getxoztarra