Marisa Arrue Getxoko PPren presidentea, zinegotzia eta udal taldeko bozeramailea Espainiako Kongresurako hautagaia izendatu du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Alderdi Popularrak.
Libertaddigital.com komunikabide ultraeskuindarraren arabera, Bizkaiko zerrendako bigarrena izango da Arrue, oraindik zerrendaburua izendatzeke dagoela. Izan ere, Ignacio Astarloa berriro aurkeztuko den ez omen dago argi. Carlos Olazabal Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaile popularra aipatzen dute balizko ordezko gisa. Dena den, tentuz hartzeko moduko albistea da, izan ere, komunikabide espainiarraren arabera, Marisa Arrue "Guecho"-ko alkatea omen da egun. Arrue Espainiako diputatua izan zen 2004 eta 2008 bitartean. Besteak beste, Kultura batzordeko bigarren idazkaria eta presidenteordea izan da. 2008ko hauteskundeetan, ordea, jesarlekua galdu zuen Josu Montalba PSE-EEko kidearen onerako. Argazkian, Marisa Arrue Imanol landa alkatearen ondoan.