Bilboko Errekalde auzoan haurdunak, agureak, umeak, osasun-etxean babestuta zeuden lesionatuak, tabernetan errefuxiatu diren gazteak, metroan eta tren geltokian izan diren pertsonak... kolpatu egin ditu Ertzaintzak, sare sozialetik eta Irola irratiaren bidez hainbat lekukok salatu duenez. Beste behin ere, Aresek atzo Erandion justifikatu zuen esku-hartze "profesionala eta egokia" erakutsi ei du, hortaz, Ertzaintzak. 20:00etan egitekoa zen Kukutzaren aldeko manifestazioa ekidin dute hasieratik jendearen aurka oldartuz. Ondoren, hainbat pertsonak erresistentzia egin dio Poliziari eta edukiontziak bota dituzte barrikada gisa erabiltzeko. Haietako batzuei su eman diete. Bitartean, ertzain kamuflatu batzuek istiluetan parte aktiboa hartu dutela salatu du hainbat lekukok. Geroago istiluak, udaletxera, Buenos Aires kalera, Areatzara, Plaza Barrira, Santutxu eta Indautxura zabaldu dira. Bitartean, Kukutzako zati handi bat bota dute jada. Azken orduan, Espainiako Polizia Nazionalak ere kargatzeari ekin diola salatu dute. Argazkian, Ertzainak Kukutza aurrean atzo, 7.000 lagunen manifestazioaren aurka gogor oldartu baino lehen / © Bilboko Branka.