Lehenengoak proposamena egiten PPkoak izan ziren. Orain hamar egun, Bozeramaileen Batzordean eztabaidatzeko zirriborroa aurkeztu zuten Marisa Arrue eta Eduardo Andrade zinegotziek. Horren bidez, Udalbatzako galde-eskeen txanda arautu nahi zuten popularrek, auzotarren parte-hartzeari tarte gehiago emanez. Popularren iritziz, auzokide bakoitzak bost minutuko tarte bat izan beharko luke galdera edo eskea aurkezteko eta alkateak bere iritzia edo informazioa agertu ondoren beste bi minutuko txandaz gozatzeko aukera izan beharko luke, gauzak argitu, zehaztu edo alkateari erantzuteko. Halere, udal mandatariak eztabaida itxiko luke bigarren solasaldi batez. Alkateari ere denbora mugatzea mahai gainean jarriko zutela agindu zuen Andradek, lortuko zuteneko uste osorik gabe.
Nahiz eta Udalbatzari begirako proposamena jada agertu, PPk lanean jarraitzen du parte hartzeari buruzko ordenantzak osatu aldera. Besteak beste, Udal erabakiak deszentralizatzeko barrutien sorrera hartuko lituzke ordenantza horiek. Pasa den legealdian egin zuten barrutien proposamena Udalbatzan.
PSE-EEren proposamena
Bitartean, PPkoen asmoa ezagutu eta hiru egun beranduago, pasa den astean, Luis Almansak aireratu zituen auzotarren parte-hartzea zabaltzeko bere asmoak, biharko Udalbatzara mozio baten bidez eramango dutena. Zehazki, Informazio Batzorde Berezia eratu nahi dute, udal kontuetan eta udal aurrekontuen prestaketetan hiritarrek esku har dezaten, aurrekontu parte-hartzaileak eratu aldera. Informazio batzorde horren kideek talde politikoen bozeramaileek aukeratuko lituzkete, behin behinean, PSE-EEren diseinuaren arabera, eta horiek izango lituzketen eskuduntzak eta funtzionamendua zein behin betiko partaideak abenduko udal bilkuran onartuko lirateke behin betiko.