Hirugarren eta laugarren argudio bat ere baziren, nahiz eta epaitegiko idazkariak onartu ez. Baserrian, 80 bat urteko bikoteaz gain, beste sendi bat bizi dela agertu dute eta haiei, hilabete bat eman beharrean, gaur goizean eman dietelako etxea husteko agindua kexu izan da abokatua. Gainera, baserritarrek zorra kitatzeko asmoa dutela ere agertu dute.
Ertzainek, jarrera ona
Dena dela, atzerapena akta baten bidez sinatu baino lehen, lehenengo bi argudioak egiaztatzeko eta abereak zenbatzeko epaitegiko idazkaria eta alde bakoitzeko prokuradoreak eta ertzainburuak sartu dira baserrira, barrikadan zehar korridore bat egin dizkietela. Bertan bildutako lagunek azaldu dutenez "askoz jarrera hobea izan dute ertzainek, epaitegikoek baino". Anabel Landa Berangoko alkate jeltzalea ere izan da gaur goizean, abokatua, EHNE, Ertzaintza, epaitegia eta finantza-erakundearen ordezkarien artean bitartekaritza lanak egiten.
Arazoaren muinean dago finantza-erakunde batek teilatua konpontzeko 25.900 euroko mailegua egin izana. Dirua bueltatzeko hiru hileko epea eman zien, epe "ezinezkoa" EHNEren aburuz. Gainera, 540.000 eurotan baloratutako baserria eta lurrak finkatu zituzten berme gisa. Interesa, berriz, %5ekoa zen, baina berandu ordaintzen bazuten, %29koa, lukurreria delitua baino %1 gutxiago, alegia. Bilduk finantza-erakundeen horrelako "sasi-maileguen" ikerketa Berangoko Udalean ez ezik, Bizkaiko Batzar Nagusietan ere eskatuko duela adierazi du.
Elkartasuna nagusi, Brasildik etorrita ere
Besteak beste, LAB eta Bizkaiko EHNE sindikatuak, Berango, Plentzia eta Getxoko Bilduren zinegotziak eta Asier Sanz Bizkaiko batzarkidea, Sei Herri kultur elkartea, Gorosti naturzale elkartea, Berango Eraikitzen, Txakolineroak, Kukullaga jai batzordea, Simon Otxandategi dantza taldea, Koska irratia, LZPren aurkako Uribe Kostako asanblada, Plaza Beltza kulturgunea, Berangoko ezker abertzalea, Txirrindulari Eskola, Berango-Merana herri eskolako guraso elkartea eta Ekologistak Martxan izan dira barrikadaren atzean. Nazioarteko elkartasunak ere bere lekua hartu du, Brasilgo Nekazari txikien mugimenduko (MPA) dozena bat lagun bertan izan direla.
Koska irratiak ekoiztutako bideoa (cc-by-sa Koska irratia)
BerriaTB-k kaleratutako bideoa (© Berria.info)
Desjabetze saiakera argazkitan