Gizonentzako zainketa ikastaroa antolatu du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ira. 27a, 21:13

Getxoko Udalaren Berdintasun Zerbitzuak, Nagusien Etxearekin elkarlanean antolatutako 55 urtetik gorako gizonezkoentzako zainketa ikastaroaren edizio berrian izena emateko epea zabaldu dute. Ekimen horren helburua gizonak etxeko lanetan eta norberaren zainketan trebatzea da, autonomoagoak izateko eta, era horretan, bizi kalitatean irabazteko. Gainera, etxeko lanetan parte hartzeko zein erantzukizunak barneratzeko beharra nabarmentzen du tailerrak. Ekimena doakoa izango da eta urriaren 19an hasiko da Itzubaltzeta / Romoko Lope de Vega kaleko 12. zenbakian dagoen nagusien etxean. Guztira, 10 saio izango dira, asteartero, 17:00etatik 19:00etara. Argibide gehiagorako 944 660 150 telefono zenbakira dei daiteke. Argazkian, Keltse Eiguren Berdintasun zinegotzia.

Ikastaroa hainbat egoeratako gizonei zuzenduta dago, hala nola, ezkongabeak, beste pertsona batzuk zaindu behar dituztenak edo etxeko laguntza eskaintzen dutenak. "Heziketa giro atseginean izango da, parte hartzen dutenek beren esperientziak, zailtasunak eta lorpenak komenta ditzaten", adierazi dute antolatzaileek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun