Larunbatean nazioarteko atletarik onenak izango dira Berangon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ira. 27a, 21:52

Berriro ere goi mailako atletismoaren erakusleihoa izango da Berango, urriaren 1ean jokatuko den Nazioarteko Miliaren edizio berriaren bitartez. "Beste proba nahiko garrantzitsu batzuk desagertu diren bitartean, Estatuko hoberenen artean dago aipatutakoa", tokiko iturriek adierazi dutenez. Antolatzaileek atleta onenetariko batzuk ekarriko dituzte, kirol ekitaldiaren kalitateari eusteko asmoz. Kategoria guztietan lehiatuko dira, arreta berezia jarriz kirol egokituari. Haurrek eta kadeteek emango diote hasiera probari, 16:40an, Gobelalde kalean. Azkenak elite mailako emakumeak (19:05) eta gizonezkoak (19:25) izango dira. Argazkian, Berangoko Nazioarteko Miliaren aurreko edizio bat / © Berangoko Albisteak.

Josu Hernandez buru, maila goreneko proba eskainiko du Berango Atletismo Taldeak (BAT). Hala ere, bere hitzetan, "ez genuke Milia antolatzerik izango, oinarrizko kirol talde bat egongo ez balitz". Ildo horretan, udal atletismo eskolaren egoera ona dela aipatu du Hernandezek. 1984an sortu zuten kirol modalitate hori eskola-umeen artean sustatu eta kluberako oinarriak jartzeko asmoz. 1990ean Berango Atletismo Taldea sortu zen, egun kategoria ezberdinetako 48 atletek osatuta dagoena. Aitor Cancio eta Hernandez bera dira Berangoko Udalak bakarrik diruz laguntzen duen erakundearen entrenatzaileak. Kirolariek ere beraien ekarpena egiten dute.

"Milia 1988an antolatzen hasi zen herriko jaien barruan, gure klubeko atletei udalerritik kanpoko beste kirolariekin lehiatzeko aukera emateko asmoz". Hernandezek BATen webgune berriztatuan gogoratzen duenez, "sailak izan ziren hasierako urteak". Berak eskuz egiten zituen kartelak eta dortsalak. Baina, 1990ean, maila handia eta hedabideetan oihartzuna izatea lortu zuen Miliak. 1992an -olinpiaden urtea-, berriz, jauzi berri bat eman zuen, nazioarteko proba izatera igaroz, "Espainiako zein beste herrialdeetako iraupen-erdiko atletarik onenetako batzuk parte hartu zutela". "Lanaren lanaz Estatuko probarik hoberenen artean gaude", dioenez.

Helburu horiek nola lortu diren azaldu du Hernandezek: "Oso erraza. Kanpotik datozen atletak era berezian tratatuz eta zaleen berotasuna senti dezatela lortuz. Baita Miliak hartzen dituen ekitaldi guztietan parte hartzera bultzatuz, aurreko eguneko atletismoaren hastapenerako hitzaldian eta taldeko atleta esanguratsuenen omenaldi afarian kasu". Horretaz gain, "Milia amaituta, eliteko lasterkariek ematen diete klubeko hoberenei urtean zehar lortutako emaitzarik onenetan oinarritutako argazki muntaia", BATeko arduradunak amaitu duenez.

Kartel bereziak

Miliarako egindako kartel bakoitzak diseinu berezia dauka. Atletismoko maila guztiak islatzen saiatzen da. "DVDa atera eta, sailkapenekin batera, urte bakoitzeko argazkiak artxibatzen ditugu albumetan", Josu Hernandezek azaldu duenez. Horretaz gain, lasterketaren egunean omenaldia egiten diete kirol munduan nabarmendu egin diren lagunei; "izandako parte-hartzeagatik zein hedabideetan edo eskolan zabaltzeagatik". Horien artean daude, Berangoko alkate izandako Jose Antonio Landa -Milia urtero egitea tematzeagatik-, Alfonso Tutor, Julen Guerrero, Jose Angel Iribar, Martin Fiz, Ricardo Otxoa, Anton Larrazabal edota Cristina Pompa -klubeko atleta-, baten batzuk aipatzearren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun