Ibilgailuak erosteko inbertsioa 120.000 eurokoa izan da. Diruaren %80 Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak emandako diru-laguntzaren bitartez lortu dute. Gerora, autoen mantenu mekanikoa urteko 30.000 eurokoa izango dela kalkulatu dute. Ukanauto 24 orduz erabilgarri egongo da urteko egun guztietan, zehaztu gabeko jai egunetan izan ezik. Mankomunitateko arduradunen ustez, langile autonomoentzat oso onuragarria izan daiteke zerbitzua, baita ibilgailurik ez daukaten edo gutxi erabiltzen duten gidarientzat. Horretaz gain, noiz behinka beste auto bat behar duten familiei mesede egingo die. Adituen arabera, urteko 2.500 euro artekoa ere izan daiteke aurrezpena.
Nola erabili
Lehenik eta behin izena eman behar da, 946 123 959 telefono zenbakiaren bidez edo www.ukanauto.com webgunean. Horretaz gain, 2011ko abendura bitartean, 10 euroko kuota ordaindu beharko da. Hurrengo urteetan 30 euro izango dira, 12 hilabeteko. Aseguruaren kostua, mantenua, azterketak, garbiketa eta erregai depositua barne hartzen ditu salneurriak.
Eguneko edozein ordutan erreserbatu ahal izango dira autoak, erabaki baino hamabost minutu lehenago ere bai. Hori egiteko iraupena eta kotxea jasotzeko ordua zein lekua zehaztu beharko dira, kotxea aukeratzearekin batera. Alokairua hilabetero fakturatuko dute. Kostua orduko 3 euroko izango da, kilometro bakoitzeko 0,22 euro gehituta ibilgailu hibridoetan; eta 0,24 euro gasolinakoetan. 23:00etatik 07:00etara bitartean, ez da orduko tarifarik aplikatuko, kilometroen araberakoa bakarrik.