Bestalde, azaroaren 15ean, bere jaioterri Senegaleko ipuinak kontatuko ditu Lamine M'Bengue-k. Bere aitarengandik eta, aldi berean, horrek aitonarengandik jaso zituen istorioak dira. Narrazioaz, antzerkiaz eta kantuez baliatzen da afrikarra, bere herrialdeko sinbolo eta magia islatzeko asmoz. Ikusleen parte hartzea sustatzen du M`Benguek, horiek guztiak kantatzera eta jolastera gonbidatuz. Boris Pierrou-ren musikaz laguntzen da. Boli Kostako profesionala Mendebaldeko Afrikako herri perkusioaz baliatzen da jolasak eta narrazioak janzteko.
Santa Zezilia
Santa Zezilia musikarien zaindariaren eguna aitzakiatzat hartuz, udalerriko taldeei eta, orokorrean, herritarrei deialdia luzatu die Otxandategi Dantza Taldeak, azaroaren 27an egingo duten ekitaldi berezian parte hartzeko. Egun horretako emanaldian tokiko hainbat abesbatza izango dira: parrokiakoa, emakumeen elkartekoa, nagusien etxekoa, eta Simon Otxandategi bera. Bat egin nahi duten talde zein lagunei zabalik egongo da ekitaldia. Horretarako, egun horretan abestuko duten koruetako batekin harremanetan jartzea besterik ez dago.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.