Aurrekontu parte-hartzaileak abian jarriko lituzkeen
Informazio Batzorde Berezia sortzeko mozioak gehiengoa eskuratu zuen atzo Getxoko Udalbatzan. PSE-EEk aurkeztuta, Udalbatzan herritarren galdera eta eskeak aktan jaso eta denbora gehiago izateko PPren eskakizuna ere bildu zuten testuan. Bilduk, bere aldetik, sostengua eman zion proposamenari, "izan ere, azken urteotan auzokideen parte hartzea sustatu beharrean, apartheid-a sustatu da", Maitane Nerekanen esanetan. EAJk osatzen duen Udal Gobernuaren izenean, Koldo Iturbek argi utzi zuen Udalbatzak onartu arren testua ez dutela beteko: "alkatearen eskumenak dira eta ez diegu uko egingo". Era berean, EAJk parte-hartzea "aspaldidanik" sustatzen duela agertu zuen, Auzoz Auzo programa, batzorde bereziak, obren segimenduak edota jai batzordeak gogora ekarrita. Horrela, PSE-EEren ekarpena "kontuan hartuko" dutela esan zuen, Donostiakoa bezalako aurrekontu parte-hartzaileak albo batera utzita, "bertan ez delako ondo irten". Parte hartzea sustatzeko plangintza oso bat prestatuko duteneko hitza eman zuen Iturbek, "eperik gabe, legealdian zehar". Gauzak "azkartzeak" luzera begira "frustrazioa" eragin lezakeela ere iritzi zion bozeramaile jeltzaleak. Javier Ruiz popularrak ez zion sinetsi, "udal webguneko 'Hiritarren parte-hartzea' atala ere pasa den ekainetik berritu ez dute eta". Argazkian, Getxoko Udal Gobernua / © Getxoko Udala.