Arruebarrenak gogoratu duenez, gaur egun Ikean martxan dagoen konexio mekanikoa osagarria da duela hiru urte Bidekurtzion jarritako pasabidearekin. Azken horrek Txomin Aresti eta Kandelazubietako zonaldea lotzen du Bidekurtzio plazarekin oinezkoen mugikortasuna erraztuz. Bestaldeko aukerak ere aztertu izan ziren, alkateak onartu duenez. Adibidez, eskailera mekanikoak. "Baina, inguruko herrietan izandako arazoak direla eta, baztertu egin zen aukera hori; batez ere gutxitasun fisikoa eta organikoa duten pertsonen federazioa den Fekoor-en arbuioak ikusirik, baita Justizi Auzitegiak eskailera hauen kontrako jarrera azaltzen zituzten erabakiak ere", azaldu du agintariak. Horien ustez, eskailera mekanikoak ez omen dira aukera ona gutxitasun fisikoa duten pertsonentzat, ezta adibidez umeen kotxeentzat ere. Bestalde, maldak egitea ere baztertu zen, batez ere gaur eguneko kalearen zati oso garrantzitsua hartzen zituztelako. "Honek aparkalekuen gutxitzea ekarriko luke. Gainera, oinezkoak gora eta behera joateko malda bi beharrezkoak ziren eta aukera hori bideraezina zen kale honetan", Arruebarrenaren arabera.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.