Gabi Basañez eta auziperatutako beste internazionalisten aldeko kanpaina abiatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ira. 29a, 01:15
Gabi Basañez Ruiz algortarra, Walter Wendelin eta beste zortzi internazionalistek "Internazionalismoa ez da delitua!" atxikimendu kanpaina aurkeztu eta abiatu dute gaur goizean, Bilbon. Burtsa zentro zibikoan emandako prentsaurrekoan (mp3), Espainiako Auzitegi Nazionalean auziperatutakoek gogora ekarri dute orain dela urtebete "armaz ondo hornitutako ehunaka polizia espainiarrek zazpi lagun internazionalista atxilotu gintuztela". Halere, guztira 12 lagun izan ziren "kriminalizatuak", kazetarien kroniketan "espainiar Poliziak atxilotutako terrorista arriskutsutzat" agertuta. Hilaren 6an, Gabi Basañez Ruiz algortarra, Walter Wendelin, Unai Vazquez Puente, David Soto Aldaz eta Aritz Gamboa de Miguel internazionalisten aurka epaiketa hasteko izapideak abiatu zituen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak. Argazkian, Basañez eta Wendelin.
Atxikimendu kanpainarekin espainiar Estatuaren "izaera ez demokratikoa" salatu nahi dute, "etxean eta nazioartean ahalik eta babes gehien lortzen" saiatuko direla, "elkartasun internazionalistari eginiko eraso honen nondik-norakoak azalduz". Atxikimenduak, besteak beste, elkartasunaurrera[abildua]hotmail.com posta elektronikora bidal daitezke. Bestalde, Eleak mugimenduak Urriaren 1ean Iruñean antolatu duen manifestaziorako deia ere zabaldu dute.

Gaurko prentsaurrekoaren bideoa (© Askapena)



Gaurko agerpena iruditan



Gaurko prentsaurrekoan irakurritako testua

Gaur, Irailak 28, egiten da urtebete hain zuzen ere, armaz ondo hornitutako ehundaka polizi espaniarrek 7 lagun internazionalista atxilotu gintuztenetik. Poliziekin batera, hamarnaka kazetari ere etxe guztien aurrera joateko deituak izan ziren, gero beren kroniketan gu espaniar poliziak atxilotutako terrorista arriskutsutzat aurkezteko.

Beste lagun bat atxilotu zuten geroago eta beste 4 komisaldegira aitortzera deituak izan ziren hurrengo egunetan. Guztira 12 lagun izan gara kriminalizatuak operazio honetan gaur arte.Hil honen hasieran, Pablo Ruzek, auzitegi nazionaleko epaileak, 5 lagunen auzipetzea erabaki du, Unai Vázquez, Walter Wendelin, Dabid Soto, Gabi Basañez eta Aritz Ganboa. AVT eta Diginidad y Justicia elkarteek epai horren kontrako helegitea jarri eta Ruben Sánchez eta Uberka Bravo-ren auzipetzea ere eskatu dute, oraindik ebazteke dagoena.

Gaur guk adierazi nahi duguna da guretzako epai onargarri bakarra, gu guztion errugabetzea dela eta gure izenak eta jarduera garbitzea: internazionalismoa eta elkartasuna ez dira delitu.

Auzi honen kontra kanpaina bat abiarazten dugu gaur espaniar estatuaren izaera ez demokratikoa salatzeko, etxean eta nazioartean ahalik eta babes gehien lortzen saiatuko gara, elkartasun internazionalistari eginiko eraso honen nondik-norakoak azalduz:

• Harro gaude elkartasun internazionalistaz, mundu duinago eta bideragarriago bat lortzeko ezinbesteko tresna baita.
• Munduko edozein lekutan edozeinek jasotako injustizia barne-barnean sentitzea’ eta ‘munduko herriak maitatu eta herrien mundu baten alde borroka egitea’ ez da delitua, beharra baizik.
• Eraso hau gertatu da Euskal Herriak mende asko daramalako 2 inperio handik zapalduta. Gauzak horrela, gure herria menderatzeko, kosta ala kosta beren inperioaren parte ezartzeko, giza eskubideak bata bestearen atzetik zapaltzen dituzte: eskubide zibil eta politikoak gure kasuan bezala bai, baina baita komisaldegietan torturak, kartzeletan mendekuak, bizi osorako kartzela zigorrak, desagerpenak eta erailketak, alderdi politikoen eta beste hainbat sektoreen ilegalizazioak…
• Euskal Herriak, ordea, segitzen du autodeterminazio eskubidearen aldeko indarrak biltzen eta guk uste dugu horixe dela biderik zuzenena gure herritik munduko herriekin batzeko.
• Palestina, Kolonbia, Kurdistan, Kuba, Països Catalans, Eire, El Salvador, Venezuela, Hego Afrika, Sahara, Sardinia, Txetxenia… Euskal Herria: elkartasuna eman eta jaso behar dugun herriak gara, bakoitza bere kolorearekin, bakoitza bere bidearekin, autodeterminazioa, burujabetza eta elkartasuna dira gizon-emakume libreez osatutako herrion mundu bat eraikitzeko bide bakarra.

Bukatu aurretik, Eleak, eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak, larunbat honetan, urriaren 1ean, Iruñean deitutako manifestazioarekin bat egiten dugu eta euskal herritar guztiak eta bereziki euskal internazionalista guztiak manifestazioan parte hartu dezagun dei berezia egiten dugu hemendik. Eskubide guztiak guztiontzat!

"Elkartasuna eta internazionalismoa ez dira delitu" kanpainaren manifestua

1. Manifestu hau sinatzen dugun pertsona eta erakundeek, elkartasun internazionalista herrien arteko hil ala biziko beharra bezala aldarrikatzen dugu eta guztiz baztertzen dugu pertsona solidario eta internazionalisten ideia eta jardueren kriminalizazioa.

2. Krisian murgilduta dagoen munduan elkartasun internazionalistak mundu duinago eta bideragarriago bat lortzeko tresnak eta bideak erakusten dizkigu. Gizateriaren mixeriei aurre egiteko, herri guztiak barnebiltzen dituen marko bat eraiki behar da, herriei gizon-emakume guztien eskubide guztiak bermatzea ahalbidetuko diena.

3. Gizon edo emakume internazionalista batek “munduko edozein lekutan edozeinek jasotako injustizia bere barne-barnean sentitzen du”. Bere herriko, edo seme-alaba bat bezala hartzen duen edozein herriko, borrokan integratzen da. Lehentasuna autodeterminazioa eskubidearen alde borrokatzea da baina baita gizarte askoren konplizitatearen ondorioz zapalduta dauden herrien borroken alde egitea.

4. 500 urte dira Euskal Herriaren nazio izaera eta autodeterminazio eskubidea estatuek ukatzen dutena.

5. Gure herriaz indarrez menderatzeko, gizartearen zati handi bati zuzenbide estatu demokratiko baten eskubideak kentzen eta urratzen dizkiote. Komunikabideetaz baliatzen dira gu terroristatzat hartzeko. Gizartearen zati handi hori zapaldu egiten dute eta bide administratibo, polizial eta parapolizialen eskutik auto-errepresioa ezartzen dute. Elektoralki eta sozialki ilegalizatzen dute, “zerrenda beltzak” osatzen dituzte eta botere judizial eta legegileak nahi bezala erabiltzen dituzte lege eta arauak bere nahietara egokitzeko. Justizia prebentibo hori bera ezartzen dute komisaldegietan torturak, kartzeletan mendekuak, bizi osorako kartzela zigorrak, desagerpenak eta erailketak baimentzeko eta inpunitate osoz egiteko.

6. Euskal Herriak bere autodeterminazio eskubidearen alde eginiko borrokaren ondorioz, eskubide zibil eta politikoen urraketak gehituz doaz, saihestuz gainera, nazioarteak honen berri jakin dezan eta hartara haiek ere euskaldunon autodeterminazio eskubidearen eta herriaren prozesu demokratiko eta baketsuan, elkartasunez, parte har dezaten. Marko errepresibo horretan, 8 militante internazionalista atxilotu zituzten, terrorismo akusaziopean eginiko atxiloketak (5 lagun kartzeleratu zituzten), gaur egun eipaiketa zain daude ‘talde armatuaren kide izan edo laguntzaile izatea’ leporatuta.

7. Elkartasun internazionalista ez da delitua, “elkartasuna herrien arteko samurtasuna da”, herriena eta herrien artekoa. Planeta honetako herri bakar bat libre ez den bitartean, batek ere ezingo du aske izan.

Horregatik honakoa eskatzen dugu:

• Elkartasun internazionalista ez kriminalizatzea.
• Euskal Herriko eskubide zibil eta politiko guztien onarpena.

Gora internazionalismoa!

Gora elkartasuna!

Hamaika herri, borroka bakarra.

Atxikimenduak: elkartasunaurrera[abildua]hotmail.com
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun