Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohia gonbidatuetako bat izan zen, atzo arratsaldean Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak egin zuen harrera ofizialean. Ekitaldia BiscayTIK Fundazioak Areetako Zugatzarte Etorbidean jarritako Ezagutza Zentroan egin zuten. Gauzak horrela, Imanol Landa alkate getxoztarra ere izan zuen lagun Uribek. Ez dira gutxi izan egunotan agintari ohi kolonbiarraren bisitaren kontra agertu diren eragileak. Besteak beste, atzo goizean 50 lagunek elkarretaratzea egin zuten Bilboko Euskalduna jauregian, Askapenak, Sare Antifaxistak, No Mas Bases plataformak eta ACLAI elkarteak deituta. "Genozida eta narko-paramilitarra" deritzote Uriberi, "Kolonbiako herritarren aurka egiteko, paramilitarrei emandako laguntzagatik". Argazkian, Landa, Bilbao eta Uribe / © Bizkaiko Foru Aldundia.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!