Ikasturte honetan, irteerak elkarrekin antolatzen hasi dira Egizu! eta Aitxu! euskara taldeak. "Irteera hauetan edozein euskaldunek har dezake parte. Gure helburuak dira Sopela eta Getxoko euskaldunok elkar ezagutzea, berbalagunon arteko zubiak eraikitzea, eta eskualdean dugun ondareaz jabetzea (naturala, historikoa, arkitektonikoa…) beti ere euskararen bidetik", azaldu dutenez.
Hona hemen Josu Larrañaga Algortako berbalagunak prestatutako testua:
“Uribe Kostan hiru portu nagusi ditugu: Armintza, Plentzia eta Algortakoa. Portuak, eremu zabal baten atariak dira: itsasotik beste herri batzuetako produktuak etorri zaizkigu. Berrikuntza ugari iritsi dira itsasotik. Arrainak ere portuetan lehorreratzen dira. Portuetatik ere erasoak heldu dira…
Hiru portu, dozenaka bizibide: Armintza arrantzale-herria izan da, Plentzia nabigatzaile edo marinelena, eta Algortan ez da falta izan piloturik.
Berbatxango honetan gure portuen iragana eta oraina ezagutuko ditugu. Garena ulertzeko izan ginena gogoratuko dugu, itsasoa, lan egiteko lekua izatetik aisialdirako gune bihurtu dugun honetan”.