Mugitu! mugimendua: "AHTrik ez! Euskal Y-aren lanak gelditu!"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ira. 29a, 20:27

“Euskal Y”-aren eraikuntza lanak geldiarazteko eskatu eta Atlantic Logistic Foroa Eusko Jaurlaritzak eta Akitaniako Erregioko Kontseiluak Merkataritza Ganberekin batera AHTren eta azpiegitura handiak (autopistak, AHT, superportuak…) eraikitzearen etengabeko bide eroan presio egitera zuzenduriko lobby bat dela salatzen dugu, gure herrian kalte ekologiko, ekonomiko eta sozial larriak eragiten dituztenak. Jaurlaritzak sustatzen duen garraio politikaren izaera desarrollista eta jasanezina errefusatzen dugu, gure lurraldea porlanez mukuru betetzeraino AHT bezalako azpiegitura-lan handiei lehentasun osoa ematen die, horrek berekin ekartzen dituen kalteei, zorpetzeari eta hainbat gizarte-premien asetzeari bizkar ematen dien artean. Aitzitik, irtenbideak honako norabide hauetan bilatu behar direla baieztatzen dugu: azpiegitura lan-handiak bertan behera uztea eta garraioa gutxitzea, ekonomia eta gizarte-ereduaren eraldaketa sakonari lotuta, hurbiltasuna eta ekonomiaren birkokapena lehentasun gisa hartuz, azken buruan, garapen-eredu inposatuaren aurrean benetako autonomia lokalaren bermea dena. Edonola ere, krisialdia areagotzen ari delarik bistan dago “pastela” ttipiarazi, birbanatu eta haren errezeta aldatu beharra dugula: horixe da gaur foro honetara ekarri gaituen protestaren zentzua. Argazkian, gaur goizean, Hego Euskal Herriko Mugitu! AHTren aurkako desobedientzia mugimenduko zenbait kidek protesta egin dute Baionako Merkataritza Ganberan ospatzen ari den Atlantic Logistic Forumean / © m!m

Nor gara? Mugitu! mugimenduak desobedientzia zibilaren ildotik dihardu AHTren aurkako borrokan eta gure ekintza eremu nagusia Hego Euskal Herria da, “Euskal Y”-a zein Nafarroako Abiadura Handiko korridorearen egitasmoen kontrako herri mugimenduaren baitan.

Bertan behera utzi behar dira ekologian, ekonomian eta jendartean ondorio suntsitzaileak eragiten dituzten halako egitasmo erraldoiak. Foro hau eztabaidarako gune bat bailitzan aurkezten badute ere, “Atlantikoko garraio korridorea. Korridore berdea, korridore bertutetsua” izenburu ponpoxoarekin, zinez propaganda eta marketina da eskaintzen digutena, herritarroi beste behin ere egia ezkutatzen ari zaigunaren inpresioa ematen diguna. “Garraio jasangarria” demagogiaren atzean ingurumenari eta gizarteari kalte larriak eragiten dizkioten AHT bezalako makro-azpiegiturak gordetzen dira hemen. Amarrukeria hau negargarria bezain haserregarria da: natura suntsitzeko inoiz ez bezalako baliabide teknikoak metatu dituen sistema politiko, ekonomiko eta sozial kaltegarri batean bizi baikara. Baina ez-obeditzea eta ekitea erantzun osasungarriagoa da.

Foro honetan Carlo Secchi dagoela eta, jaun hori Euskal Herritik pasatuz Paris eta Madril lotu behar lituzkeen AHTren egitasmoaren koordinatzaile europarra izanik, AHTak nahiz gisa bereko azpiegitura egitasmo erraldoiek zeharkaturiko lurraldeetan ingurumen, sozio-ekonomia eta gizartearen ikuspuntutik eragiten duten hondamendiagatik, Euskal Herrian zein beste herri kaltetu askotan sortu den desadostasun sakonaren aurrean zer-nolako erantzuna ematen duten galdegiteko. Egitasmo horiek inon ez dute erabakiak hartzerakoan herritarren parte-hartzea kontuan hartzeko gaitasuna eta antzeko gaitzespenak aurki ditzakegu Urruñako nekazari baten ahotan nahiz Aramaioko biztanle baten hitzetan, baita Italiako Val di Susako edota Okzitaniako Lot et Garonne eskualdeko zein Pirineo Garaietako Pasabidearen egitasmoak mehatxaturiko Lavedan bailarako herritarren hitzetan ere. Honi dagokionean, AHT lerro berriak hedatzeko asmoek Frantzian eta Europan sorrarazten duten oposizio mugimenduekiko elkartasuna eta bereziki Lapurdin populazioak aho batez errefusatzen duen egitasmo zentzugabe honen kontra herritarren mobilizazio eredugarriarekiko atxikimendua adierazi nahi dugu.

Dax (Akize) eta Gasteiz artean AHT linea berria eraikitzeko argudio sinesgarririk ez dago eta AHTa errepidezko garraioak sorturiko arazoen konponbidea denik erabat gezurtatzen dugu. Honi dagokionean, gogora dakargu nola aurreko koordinatzaile europar Etienne Davignon-ek berak egindako txostenetan ohartarazten den benetako erabilgarritasunik frogatua ez duen proiektu honen funsgabekeria, hain zuzen ere azpiegitura beri horren gaineko aurreikuspenetan agintaria frantses eta espainiarrek egiten dituzten aurreikuspenen ezberdintasun eta kontraesan potoloak azpimarratuz: ikusita Bidasoaren iparraldean merkantzien garraiorako baliatuko omen dela eta hegoaldean berriz bidaiarien trafikorako, zertarako balioko du orduan? Azpiegitura berri horien zuribide ofiziala, errentagarritasun sozio-ekonomikoari dagokionez, sistematikoki trafiko hipotesi faltsuen gainean eraiki dute, eta AHTren ustezko ingurumen-abantailak fantasia hutsa dira.

Portugalek Espainiarekiko AHT lotunea bertan behera utzi duenean, gobernu frantziarrak egitasmoa frenatu duenean eta AHTren eredua herrialde askotan geroz eta gehiago zalantzan jarri denean, hemen ordea “AHTa errealitate bat izango da, bai ala bai” adierazi berri du Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Herrilan eta Garraio sailburuak; beraz, edonolako logikaren kontra Gasteizko gobernuak “Euskal Y”-aren Gipuzkoako zatien eraikuntza azkartuko duela iragarri du, non lan istripuak errepikatzen diren – hor 4 hildako gertatu dira azken 13 hileotan izandako lan-istripuetan lan baldintza prekarioetan eguneko 19 orduko lanaldiak egitearen ondorioz. Alabaina, Bizkaian eta Araban, egitasmoa Espainiako Sustapen ministerioaren murrizpenen eragipean dago eta prentsak hainbat zatitan lanak geldirik zeudela egiaztatu ahal izan zuen prentsak 2010an. Zergatik nozitu behar dugu Jaurlaritzaren egoskorkeria hori? Ez ahal da Espainiak bizi duen kinka ekonomikoa arrazoi nahikoa, baliabideen halako xahuketa geldiarazteko? Nortzuk dira azpiegitura hain garesti horren onuradunak?

Alabaina, inongo errentagarritasun sozio-ekonomikorik ez duten AHT lerro berrien neurrigabeko hedapen hori Espainian egiaz krisi ekonomikoaren faktore eragileetako bat bihurtu dela eta estatua jadanik leporaino zorpetuta dagoela ahaztea dakar jokabide horrek; nahiz eta negozio itzel honen inguruan sortu diren interes politiko eta ekonomiko potoloek bultzatuta – eraikuntza-enpresei loturiko interesek batik bat—Jaurlaritzak ezertaz jabetu ez bailitzan aurreranzko ihesaldian segitzen duen AHTrekin, politika xahutzaile horren ondorioz areagotzen ari den zorpetze publikoaren eta gastu sozialen etengabeko murrizketen lepotik. Hortaz, krisialdia larriagotu eta ekonomia kili-kolo dagoen une berean lurraldea eta baliabide publikoak irensten dituen azpiegitura horrekin egiten ari den bidegabekeria salatu nahi dugu.

Bitartean, mobilizatzeko eta elkartasunen garaia da. Manifestazio berri bat egingo da datorren larunbatean, urriaren 1ean, Gasteizen, “euskal Y”-aren lanak geldiaraztea exijitzeko, eta duela bi urte AHTren lan eremura egindako manifestazio baten ondoren Ertzaintzak bortizki eraso eta atxilotu zituen sei lagunen kontra urriaren 5ean egingo den epaiketa gaitzesteko.

AHTrik ez! “Euskal Y”-aren lanak gelditu!
Proiektu txikitzaile gehiagorik ez!

Mugitu! mugimendua
mugitu.blogspot.com

Mugitu! mugimenduko kideek zabaldutako bideoa

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun