Uda amaituta, Pinosoloko igerileku irekiak itxi egingo direla aprobetxatuko du
Leioako Udalak, kirol gune horretan dauden padel pistak hobetu eta 2012ko urtarrilean ireki ahal izateko. Horretaz gain, kanpoaldean dagoen skate pistak ere hainbat aldaketa izan ditu azken egunetan, erabiltzaileen beharrizanetara hobeto egokitzeko. Pinosolo kirol guneko padel pistetan egingo diren aldaketak urte osoan erabilgarriak izateko asmoarekin burutuko dira, hots, estali egingo dira eta argiztapena areagotuko da zonaldean, Eneko Arruebarrena alkateak atzo jakinarazi zuenez. Modu honetan, neguko egun euritsuetan ere erabilgarriak izango dira pistak. Horrez gain, erosoago bihurtzeko, aldagelak eta komunak jarriko dituzte pisten alboan. Obrak datorren astean hasiko dira eta, aurreikuspenen arabera, 2012ko urtarrilean amaituta egongo dira. Hau guztia aurrera ateratzeko 536.000 euro bideratu ditu Udalak. Argazkian, gazte bat patinatzen Leioako skate pistan / © Leioa.net.