EHUren eskutik Lanestosa inguruko ezaugarri geologikoak aztertuko dituzte hainbat gaztek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ira. 29a, 23:37

Igandean, urriak 2, Lanestosa ingurura joateko txango geologiko bat antolatu dute EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatekok eta BBK-k, 7 eta 13 urte arteko gazteei begira. Helburua da, batetik, agente geologikoek kare haitzetan egin duten modelatze lana ikustea, eta, bestetik, Kobenkoba leizea bisitatzea, Paleolitoa interpretatzeko zentro gisa prestatu baitute, unibertsitateko iturriek adierazi dutenez. Txangora joan nahi dutenek 20 euro ordaindu beharko dituzte. Mendian ibiltzeko arropa erosoa eroan behar da; baita aldatzeko arropa, ogitartekoa eta ura ere. Leizea bisitatzeko, komeni da berokia janztea. Txangoan izena emateko, ondoko telefono zenbakira deitu beharko da: 900 445 566. Argazkian, Kobenkoba / cc-by-sa Peru, Lili eta Marije.

Juanjo San Sebastianen (BBK) eta Xabier Murelagaren (EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko geologoa) arteko lankidetzaren ondorioz sortu zen txangoa egiteko ideia. Hain zuzen, urtero bi mendi irteera antolatzen dituzte 7 eta 13 urte arteko haurrentzat. Mendi irteera horien berezitasuna zera da: EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko geologoek ere parte hartu ohi dute, eta ibilbideetan zehar ikus daitezkeen ezaugarri geologiko nabarmenenak erakusten dizkiete haurrei. Joan den maiatzean, Pagasarrira joan ziren, eta Lanestosakoa izango da 2011ko bigarren eta azken txangoa.

Txangoak egun batekoak izaten dira eta, mendian egun atsegin bat igaro eta gure ingurua hobeki ezagutzeaz gainera, haurrak geologiara gerturatzea da gure helburua. "Izan ere, derrigorrezko hezkuntzan ia lekurik ez badu ere, geologia gugandik oso hurbil dagoen zientzia bat da: besteak beste, gure oinen azpian ditugun harkaitzak aztertzen ditu, eta gure gizartean ezinbestekoak diren lehengaiak bilatzen eta ustiatzen ditu, hala nola ura, petrolioa, eta abar", azaldu dute antolatzaileek.

Lanestosako txangoan, agente geologikoek kare haitzetan (bai barnealdean, bai kanpoaldean) egiten duten modelatze lana ikusiko dute. Kare haitzen kanpoaldean, karst paisaietan tipikoak diren morfologiak ikusiko dituzte: lapiazak eta dolinak. Barnealdean, berriz, Kobenkoba leizea bisitatuko dute, kare haitza desegitearen ondorioz sortua. Hain zuzen, animalien eta gizakien gordeleku izan da leize hori denbora askoan, baina, antzina, erromatarren garaitik hasita, hango mineralak ustiatzen zituzten; galena, esate baterako.

Kobenkoba Paleolitoko artearen interpretazio zentro bat da gaur egun. Haurrek, leizearen ezaugarri geologikoak ikusteaz gainera, gizakiak halako babespeetan nola bizi ohi ziren ikasteko aukera izango dute. Bestalde, inguruan dauden fosil eta mineralak ikusteko aukera izango dute, eta sedimentazio garaian, oin azpietan ditugun harkaitzak sortzeko prozesuan, gure ingurua nolakoa zen imajinatzen lagunduko die horrek. Halaber, meatze hondakindegiak ikusiko dituzte, baliabide geologikoak ustiatzeak inguru hartan izan duen garrantziaren erakusgarri.

Autobusean Termibusetik

Urriaren 2ko txangoa 9:00etan hasiko da, ordu horretan aterako baita autobusa Bilboko Termibusetik. Lanestosara joateko ordu bat beharko dutela kalkulatu dute, eta han hasiko da txangoa. Ibilbidea Lanestosako hilerritik abiatzen da: lehenik, pista bat hartuko dute; eta, ondoren, leizera joateko bidexka bat. Ibilbidean zehar, askotariko harkaitz, fosil eta mineral motak ikusiko dituzte, bai harkaitz eremuetan, bai meatze zaharren hondakindegietan. Bilbora arratsaldeko zazpietarako itzultzea da asmoa.

Txangozaleengan geologiarekiko interesa areagotzeko, jarduera ez da amaituko haurrak etxera iristearekin batera; ikusitakoa eta bizitakoa eskuz idazteko eta unibertsitatera bidaltzeko proposatuko diete, geologo baten landa lanaren egunerokoa balitz bezala. Hiru sari banatuko dituzte: bata, 7 eta 8 urteko haurren txosten edo idazlan onenarentzat; beste bat, 9 eta 11 urte arteko haurren idazlan onenarentzat; eta hirugarrena, 12 eta 13 urteko haurren idazlan onenarentzat.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun