Alberto Durana: "Kazetariak ez daude prestatuta immigrazioaren alorrean behar bezala jarduteko"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ira. 30a, 10:08

"Ez dago immigrazioan aditua den kazetaririk, ez horretara zuzendutako trebakuntzarik, ez eta hedabideek gai horri dagokionez iritzi publikoan duten eraginaz hausnarketarik ere". Alberto Durana irakasle eta kazetariak tesia egin du, eta bertan, zorrotz dihardu Kazetaritzako fakultateez zein erredakzioez. Immigrazioan espezializatutako kazetariak egotearen alde egin du, bai eta gaur egungo gizartearekin lotura estuagoa duen unibertsitate-trebakuntzaren alde ere. EHUn defendatu du tesia, eta izenburu hau du: "El perfil del periodista vasco y su formacion en el ambito social de la inmigracion" (Euskal kazetariaren profila eta immigrazioaren gizarte-alorrean duen trebakuntza). Argazkia: © EHU.

Duranak EAEra begira egin du ikerketa, askotariko metodologiatan oinarrituta. Batetik, analisi kuantitatiboa egin du, Komunikazioaren alorreko ikasketek Espainian, Europan eta AEBetan duten curriculumari buruz. Gainera, EAEko ordainpeko egunkari guztiak hartu, eta immigrazioa nola lantzen duten aztertu du. Azkenik, zenbait kazetariren iritzia bildu du; galdetegien bidez eta, batez ere, elkarrizketa sakonen bitartez.

Ez dago espezializaziorik

Datuotan oinarrituta ondorioztatzen denez, euskal kazetari arrunta alor anitzeko profesionala da, orotarikoa eta espezializatu gabea; eta Duranaren arabera, horrek ondorio negatiboak ditu immigrazioari buruzko albisteei eskaintzen zaien tratamenduan. Ez da ohikoa kazetari espezializatuek lantzea immigrazioari buruzko berriak. Egunkari handiak salbuespena dira, baina, kasu horietan ere, enpresek ez dute inbertsiorik egiten kazetariak trebatzeko. Hau da, immigrazioan espezializatutako kazetariak gutxi dira, eta autotrebakuntza beste irtenbiderik ez dute.

"Arazoa oinarrian dago, eskaintzen den trebakuntza ez baita aproposena kazetariak espezializaziorantz bideratzeko". Batez ere immigrazioaren alorrari dagokionez, Duranak bildutako datuak argigarriak baitira: komunikazioarekin lotutako 48 zentro aztertu ditu Espainian, eta horietatik hiruk baino ez dute eskaintzen kulturarteko komunikazioari buruzko irakasgai bat, eta hautazkoa da, gainera. Dena dela, espezialitateen alorrean dagoen trebakuntza falta orokorra da, ez dagokio soilik immigrazioari. Ikertzailearen ustez, unibertsitateak eta enpresek arduraz jokatu behar dute: gizarte-fenomeno berriekiko adi egon eta egoki bideratu, irakasgaietan zein lan-alorrean txertatuta.

Egoera ez oso ideala

Hedabideei eta kazetariei gizarte-pedagogiaren alde lan egitea egozten zaie, modu idealizatuan. Ikerketa honek ematen duen irudia, ordea, oso bestelakoa da. Ez da hausnarketarik egin immigrazioaz jardutean hedabideek duten rolari buruz, ez eta haien erantzukizun-mailari buruz ere, gizarteak etorkinez duen irudi txarrari dagokionez. Estilo-liburuek ere ez diote ezer horren inguruan.

Kazetariei dagokienez, alderdi txarrenak eta alarmistenak indartzeko joera dute, eta, horren ondorioz, immigrazioari proportzioan dagokion pisua baino handiagoa ematen diote. Era berean, alor horretako kode deontologikoa azaletik baino ez dute ezagutzen. Dena dela, egiari zor, profesionalon lan-prekarietateak ere badu eraginik horretan guztian. Horren erakusle, ez dute denborarik gaia sakon aztertzeko.

Aurreiritziak, arriskutsuak

Eskuratutako datuek diotenari kontra egiteko, zera aldarrikatu du Duranak: kazetariak substantiboen alde egin behar duela, eta ez adjektiboen alde; informatzearen alde, eta ez interpretatzearen alde. Autokontrola defendatu du "neurria ez galtzeko" mekanismo gisa, eta azpimarratu du ez dela gizartea aztoratu behar: "Aurreiritziak dituen pertsona arriskutsua da, baina aurreiritziak dituen kazetaria, are gehiago".

Era berean, adierazi du kazetaritza espezializatua beharrezkoa dela, eta unibertsitateari erreparatu dio. Duranak dioenez, gizarte-gaiek, immigrazioak, kulturartekotasunak, aniztasunak eta bestelakoek tartea izan behar lukete, zeharka, Kazetaritza graduan; hau da, kazetari-ofizioaren ikaskuntza osagarri izan.

Egileari buruz

Alberto Durana Aostri (Bilbo, 1956) Lehen Hezkuntzako irakasle diplomatua da, eta Kazetaritzan lizentziaduna. Jose Larrañaga Zubizarreta eta Xabier Aierdi Urrazaren zuzendaritzapean idatzi du tesia; Kazetaritza II eta Soziologia Sailetako irakasleak dira, hurrenez hurren, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean. Kazetaritza II Sailean bertan aurkeztu du tesia. Gaur egun, helduen hezkuntza iraunkorreko irakaslea da Durana.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun