Mailegu-emailearen arabera, ordea, handiagoa da zorra: "senar-emazteek ordaindu gabe utzi dutena ez dira 25.900 euro, 340.000 euro baizik; sei urtetan zehar pilatzen joan zaizkielako mailegutik eratorritako interesak". Baserri eta ondoko bi lursailetarako finkatutako "salneurria 440.000 eurokoa da, EHNEk 540.000 eurokoa dela dioen arren". Horri jarraiki, "bikotea etxetik joan behar ez izateko modu bakarra jabetza erostea" dela adierazi du finantza-erakundeak, "El Correo Español" egunkariak zabaldutakoaren arabera. "Baserriaren titulartasuna gurea da. Egungo bizilagunek bertatik alde egitea baino ez dugu behar", aipatu duenez.
Urriaren 11ra arteko epea
EHNEk bere aldetik, urriaren 11ra arteko epea aprobetxatuko du bide legal guztiak jorratzeko. Horiek agortuta, baserriaren berrerosketa ez dute baztertzen, "baina ez edozein salneurritan". Bide horretan, eskaintza bat egitera deitu dute finantza-erakundea, aztertu ahal izateko. Bestalde, atzo onartutako mozioarekin jarraituz, ikerketa publiko bat egiteko prozedura zabaltzearen alde agertu da Berangoko Udalbatza. EHNEk egin du aipatu eskaera, finantza-erakunde pribatuen jarduteko moduak ikertu eta ezagutzera eramateko asmoz. Azkenik, herritarren aurrean, 15 egun hauetan, eta aurrerantzean ere bai, Kukullaga Goikoa baserriaren aldeko mezua zabaltzea onartu dute zinegotzi berangoztarrek.