M-15 mugimenduak etxebizitza duinari buruzko topaketa egingo du bihar, larunbatarekin, Leioako Udondo auzoko gaztetxean. Ekimena goizeko 11etan abiatuko dute hainbat gizarte taldeen proposamenak entzungai izango dituztela. Horren ostean, bazkaltzeko atsedena hartuko dute, 14:30ak aldera. Bazkaria bertan egingo dute, baina izena aurretik ematea eskatu dute kalherritarrak@gmail.com posta elektronikora mezu bat bidaliz. Bost euro balio izango du. Bazkalostekoa eginda, arratsaldeko 4:30ean berriro ekingo diote lanari, etxebizitza duinaren aldeko ekintza egingarriak eztabaidagai izango dituztela. Besteak beste, sentsibilizazio kanpainak eta okupazioa izango dira mintzagai. Gai hori 18:00etarako amaitzea espero dute, horren ostean M15 mugimenduari berari buruzko eztabaida pizteko. Baina egunak elkar ezagutzeko eta ondo pasatzeko aukera ere emango du. Izan ere, azken solasaldia amaitu eta gaueko 11ak arte, poteoa eta kontzertua izango dituzte. Bitartean, Leioako M15 mugimenduak aurrera darrai eta ostegunero Kultur Leioan biltzen da, 20:00etan. Argazkian, pasa den ekainaren 19an M15-ek Bilbon egindako manifestazioaren irudi bat / cc-by
Alberto Varela.