Azken urteotako ohiturari jarraiki, Getxoko Alderdi Popularrak aurten ere Areetako jaietan adinez txikikoei alkohola saldu eta kontsumitzen uztea salatu du. Marisa Arrueren esanetan, "Areeta auzoko hainbat nukleotan adingabeko gazte taldeak botiltzarra egiteko batzen ikusi ahal izan dugu. Gauzak horrela, besteak beste, Areetako hondartza edo Txurruka kaia adingabekoek egin duten alkoholaren neurrigabeko kontsumoaren lekukoak izan dira". Auzokideen kritikak ere jaso egin dituela dio Arruek. Popularrek ez dute zalantzan jartzen alkateak agindutako Udaltzaingoaren eta Babes Zibilaren dispositibo bereziak, baina, halere, salmenta eta kontsumoa ez direla kontrolatu "argi" dute. Horren adibide ei dira popularrek beraiek ikusitako 13 edota 14 urteko mozkortutako gaztetxoak, haietako baten bat koma etilikoan, PPren aburuz. Hortaz, botiltzarraren aurkako ordenantza eskatu dute, aurreko urteetan bezala. Dena den, gai honekiko proposamenik desegokiena Jesus Toca Toña zinegotzi popularrak bota zuen 2007ko iraileko Udalbatzan. "Udalari eskatzen diot Udaltzaingoa egon dadila, baina Ertzaintza badago, hobeto, eta Guardia Zibila badago hobeto oraindik, eta Armada bada, hainbat hobeto", esan zuen orduan. Argazkian, Arrue Areetako jaietan.