Ertzaintzak 24 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo goizean Erandioko nekazaritza-inguru batean. Bertan, Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, mutilak marihuana plantazio bat zeukan. Bertsio ofizialaren arabera, etxe baten ondoko lur-sailak zabaltzen zuen usaina izan zen bertatik pasa zen polizia patruila baten susmoak piztu zituen zantzua. Ertzainek ingurua arakatzeari ekin ziotenean gazteak lur-sailetik alde egin zuen auto batez. Ertzainek autoa gelditu eta miatu eta gaztea identifikatu zuten. Ibilgailuan, marihuana landatzeko hainbat liburu topatu zituzten. Horren ostean, lur-saileko etxola irekitzeko epai-agindua eskatu zuten. Bertan, 19 landare, 60 lorontzi eta marihuana landatzeko hainbat tresna bahitu zituzten. Gaztea ertzain-etxera eraman, gai estupefazienteen trafiko delitua egotzi eta epailearen esku utzi zuten. Ertzaintzaren arabera, droga trafikoagatik aurrekariak ei ditu atxilotuak.