Bestalde, aurreko urtetan bezala, lehiaketa bidez aukeratu dute Durangoko Azokaren berri emango duen irudia. Aurten 28 aurkeztu dira lehiaketara, eta irabazlea Cristobal Aguilo Dominguez izan da. Murtziarra da eta diseinatzaile grafikoa ikasketaz eta lanbidez. Gaur egun Murtziako publizitate agentzia bateko lanak "freelance" lanekin uztartzen ditu. 2011n Durangoko Azokaz harago, lau kartel lehiaketa irabazi ditu: Cartagena eta Miguelturrako (Ciudad Real) inauterietakoak eta Badajoz eta Soriako San Juan jaietakoak.
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokako bi osagai nagusiak uztartzen saiatu da kartelean: liburua eta diskoa. Binilozko diskoa oinarri hartuz sortu du irudia: liburu bat irakurtzen dabilen pertsonaia. Lehiaketaren epaileak hauek izan dira: Lur Merinio artista plastikoa eta 44. edizioko kartelaren egilea, Pedro Mari Basañez arkitektoa eta Arte Ederretako irakaslea, Javier de la Torre arkitektoa, Txelu Angoitia argazkilaria eta Jasone Agirre Gerediaga Elkarteko kidea.