Joan den osteguneko osoko bilkuran, gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egiten duten gazteei diru-laguntza ematea onartu zuen Sopelako Udalbatzak. Eskatzaileak udalerrian erroldatutako 17 eta 23 urte bitarteko neska-mutilak izango dira (1988-1994 bitartean jaiotakoak). Bete beharreko baldintzak ondokoak dira: batetik, gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egin beharko dute eta Trafiko Zuzendaritzak ziurtatu beharko du horrela izan dela. Bestalde, Gidabaimena Euskaraz kanpainan parte hartu duen autoeskolaren batean atera beharko da gidabaimena. Gainera, eskaria aurkeztu orduko, matrikula ordainduta eduki beharko da. Azkenik, diru-laguntza eskatu ahal izateko azterketa teorikoa eginda izan behar da. Argazkian, gidabaimena euskaraz ateratzeko eskuliburu bat.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!