Azaroaren 5ean izango da Ikasle Eguna, Billabonan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urr. 4a, 12:33

Datorren azaroaren 17an, osteguna, azken 21 urteotan bezala, aldarrikapen eguna izango da Euskal Herriko ikastetxe, fakultate eta kaleetan, Ikasleen Nazioarteko Egunaren harira. Data horrekin, 1939an Alemaniako Armadak Pragako Unibertsitateko ikasleen artean egindako sarraskia gogoratzen dute ikasle ezkertiarren erakundeek. Baina, Ikasle Abertzaleak erakundeak antolatuta, bada beste Ikasle Egun bat egutegian, aurten azaroaren 5ean Billabonan burutuko dutena. Bertan, azaroaren 17koaren osagarri gisa, militantziaren eta zaleen prestakuntza, Euskal Eskola Nazionalaren aldarrikapena, elkar ezagutza, kolektiboaren kontzientzia zabaltzea eta ekintza ludikoak dira ezinbesteko osagaiak. Oraingoz, IAk ez du egitarauaren berri baina dagoeneko zabaldu du Xarma musika taldeak beren beregi egindako "Libre" abestia (mp3). Argazkian, Xarmaren kanta jasotzen duen Ikasle Eguneko kartela.

Ikasle Abertzaleen oharra

Azaroaren 5ean Ikasle Eguna'11 Billabonan!

Ikasturtea hasi da, eta nola ez, ikasleok berriz ere martxan jarri gara, ikastetxez ikastetxe, fakultatez fakultate iraultza egitera goaz. Iraultza horretan borroka ezberdinekin egingo dugu topo, eraso, inposaketa anitzekin, denak ordea ausardiaz eta aurrera eginez erantzungo ditugu; ikasleak garelako, posible dugulako, lortuko dugulako!

Irudimenez beterik gaude, mingaina ateratzen ere badakigu, baita behar denean hortzak erakusten ere, baina gure benetako indarra kolektiboan datza. Horregatik, aurtengoan azaroaren 5ean hitzordu berezi bat dugu euskal ikasleok Billabonan; Ikasle Eguna’11!

Azaroaren 5ean, Euskal Eskola Nazionalaren aldeko Ikasle Eguna’11 antolatzeaz gain, milaka ikasle biltzen diren egun honek bizi dugun erasoaldia salatzearekin batera, geure eskubideak aldarrikatu eta ikasle kolektiboa indartzeko balio behar du. Egun honetan hezkuntza eta herria eskutik helduta doazela erakutsi behar dugu, bai eta herria bera askatu duen eskola eredu berri baten beharrizana ere. Borroka honetan Euskal ikasleok paper garrantzitsua jokatzen dugu, ikastetxe nahiz fakultatetan burutzen dugun eguneroko borroka baita gure etorkizunaren jabe egingo gaituen benetako iraultza!

Urtero bezala, aurtengo ikasle egunak berak ere badu abesti propioa, “Libre” Xarma musika taldeak berak eginda. Beraiek ere borrokarako prest daude, baita indarrez beterik ere, laiak eskuan hartuta iraultza egiten ari dira. Animo ba! Horregatik, tartetxo hau aprobetxatuz hemendik gure eskerrak eman nahi dizkiegu eginiko lan eta prestutasunagatik. Mila esker Xarma!

Datozen egunetan ikasle egunaren inguruko berri gehiago publikatzen joango gara, egitaraua, sarreren salmenta puntuak, bertaratzeko garraio zerbitzuaren gaineko informazioa…. Oraingoz ordea, eguna, lekua eta abestiarekin uzten zaituztegu, letra eta guzti, azaroaren 5rako denok jakin eta elkarrekin abestu dezagun!

Abestiaren hitza jasotzen duen kartela

XARMA-IKASLE-EGUNA-Bkin
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun