Metro Bilbao garraio enpresako langileek batzarrak egingo dituzte asteazken honetan zuzendaritzaren azken proposamena eztabaidatzeko eta ostegunerako txanda bakoitzeko bi orduko geldialdiak bertan behera utzi edo horiekin jarraitu erabakitzeko. Gaur bertan izandako batzar batean, enpresak teknikarien taldearen eta mantentze-lanen gainbegiratzaileen izendapenak ez aldatzea proposatu du. Hain zuzen ere, horrek piztu du gatazka oraingoan, sindikatuen arabera, aldaketa horiek hitzarmen kolektiboan "itundutakoaren kontra" doazelako. Gauzak horrela, etzirako lanuzteak aurreikusita dauzkate beharginek, 10:00etatik 12:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Bitartean, ostegunerako gutxieneko zerbitzuak zehaztu ditu jada Eusko Jaurlaritzak. Horren arabera, goizeko geldialdian trenen %30 ibiliko da eta arratsaldekoan konboien %40. Argazkian, Metro Bilbaoko 80 langile inguru batu ziren irailaren 21ean garraio enpresako Bilboko egoitzaren aurrean, “Tailerren berregituratzeari ez!” lelopean / ©
LAB Metro Bilbao.