Urriaren 19an indarkeria sexistaren inguruko sentsibilizazio eta eztabaida saioa egingo dute Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urr. 6a, 18:08

EHUko campusetan ostiral honetan abiatuko dute Beldur Barik kanpaina. Gazteen artean indarkeria sexista prebenitzea du helburu ekimenak. Jardueren artean, aipagarrienetarikoa Beldur Barik Jarrera izeneko lehiaketa da. Horren bidez, saria emango zaie neska-mutilek desberdintasun egoerari nola aurre egiten dioten erakusten duten lanei; berdintasuna, errespetua, askatasuna eta autonomiaren alde eta indarkeriaren kontrako jarrera erakusten dutenak, alegia. EHUn egingo diren saioen helburua lehiaketa ezagutzera ematea da, eta horrekin batera, sentsibilizaziorako eta eztabaidarako gune bat sortzea, eraso sexistarik gabeko gizarte bat eraikitzeko, tokiko iturriek zehaztu dutenez. Irakasle hiru eskoletan egingo dira saioak. Lehena, bihar, Gasteizen, goizeko 10:30etik 12:00etara. Hurrengo saioa Donostian izango da, urriaren 11an, 10:30etatik aurrera. Eta azkena, Leioa eta Erandioko campusean, urriaren 19an eguerdiko 12etatik 14:00etara. Argazkian, 2009ko martxoaren 31n Milagros Salazarren heriotza salatu zuten Leioako campusean.

Beldur Barik kanpaina EUDEL Euskal Udalen Elkarteak martxan jarri du, Berdinsarearen bidez; eta Emakunderen, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien bultzada dauka. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta EiTBren lankidetza du.

Beldur Barik Jarrera lehiaketari dagokionez, lanak aurkezteko epea (posta elektronikoz jarrera@beldurbarik.org helbidera bidalita) azaroaren 11n itxiko da. Bi kategoria izango dira. Bat 12 eta 17 urte arteko neska-mutilei zuzenduta; eta bestea, 18 eta 26 arteko gazteei zuzenduta. Kategoria bakoitzean 1.000 euroko saria emango da. Udal batzuek tokian tokiko sariak ere emango dituzte. Aurtengo berrikuntzen artean, lan guztiak (lehiaketak oinarri hartzen dituen printzipioen kontra doazenak izan ezik) http://www.beldurbarik.org webgunean jarriko dituzte ikusgai. Webgune horretan herri-bozketa egingo da (bi kategorietan aurkeztutako lanak bilduko dira) eta boto gehien jasotako lanari 300 euroko herri-saria emango zaio.

Beldur Barik jarrera

Lanek Beldur Barik jarrera transmititzea da garrantzitsuena; hau da, eraso sexistei aurre egiten dien eta berdintasunezko harremanen alde egiten duen jarrera. Hori dela eta, edonolako formatuak onartuko dira: ekintzak, ideiak, bideoak, argazkiak, proiektuak, musika, dantza, argazkigintza, performancea, eskultura... Banakoen, taldeen, kolektiboen, ikastetxeen edo ikasgelen lanak aurkeztu ahal izango dira.

Bigarren edizio horren helburuetako bat ikastetxeen partaidetza ahalbidetzea da. Bestalde, aurten tokian tokiko ekimenen garapena sustatzearen alde ere egingo dute udalek. Tokian tokiko sariez gain, Beldur Barik programaren barruko sentsibilizazio- eta trebakuntza-ekintzak jarriko dira abian, esaterako, graffiti-tailerrak, ikus-entzunezkoak edo sexualitate-tailerrak, betiere indarkeriarik gabeko harremanak sustatzera bideratuta eta gazteen ahalordetze eta autonomian oinarrituta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun