Uribe Kostako instrukzio eta bake epaitegietan euskara normalizatzea xede zuen trebatzailea kaleratu berri du Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste 13ekin batera. Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramalearen arabera, teknikariek hartuko dute haien lana. Gaur, berriz, hiru hiriburu horietako epaitegien aurrean, kaleratzeak salatu dituzte epaitegietako langileek, kalean utzitako trebatzaileek eta ELA, CCOO, LAB, UGT eta CSI-CSIF sindikatuek. Sindikatuek zabaldu dutenez, trebatzaileak orain dela lau urte hasi ziren lanean euskara normalizatzeko planaren barruan, eta eurak ziren, eta ez teknikariak, langileekin eskuz esku lanean aritu direnak, Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek hitzartu bezala. Horregatik, "ezinezkotzat" jo dute jada bere lana duten teknikariek trebatzaileen zama hartu eta epaitegietan euskararen erabilpena bermatu ahal izatea. Era berean, euskara normalizatzeko plana bete beharrekoa dela gogoratu eta murrizketak bertan egitea salatu dute. Argazkian, Bilboko elkarretaratzean, 60 bat lagun batu dira, tartean Asier Sanz Bilduko batzarkidea.