Gorlizen osatutako 38 animalia basati Arboretum gunean bizi dira orain

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urr. 7a, 20:56

Gorlizen dagoen Bizkaiko Fauna Basatia Sendatzeko Zentrora iritsitako eta, bertan, naturara itzultzeko osasun-baldintzak berreskuratu dituzten 38 espezie basati askatu dituzte gaur goizean EHUren Leioa eta Erandioko campuseko Arboretum natura gunean, Lertutxe urtegiaren egokitzapenean laguntzeko helburuarekin. Honako hauek izan dira askatutako 38 espezieak: 13 basahate, zapelatz liztor-jale bat, belatz bat, bi hontz, lau zapelatz arrunt, hamar urubi, lau kirikino eta hiru apoarmatu korrontezale. Irene Pardo Nekazaritzako foru diputatuak era honetako askatzeek duten garrantzia azpimarratu du, eta horretarako datu bat eman du: "dagoeneko 47 dira orain arte egin diren berreskuratutako animalia eta animalia-taldeen askatzeak, eta askatze horiei esker 200 animalia-buru baino gehiago itzuli dira euren natura ingurunera". Argazkian, Irene Pardo Nekazaritzako foru diputatua eta Carmelo Garitaonandia EHUko erretoreordea hegaztiak askatzen / © EHU.

Aurreko askatzeetan gertatu bezala, oraingoan ere animalia horiek sendatzeko zentroan sartzeko arrazoiak asko izan dira. Basahateak Gorlizko zentroko instalazioetan bertan hazitako kumeak dira, harrapaketetan lortutako edo beren berezko habietan abandonatutako umeak. "Aurretik egindako espezie honen askatzeetan egiaztatu da natura ingurune batean askatzen direnean, gehienetan toki horietan bertan geratu ohi direla", azaldu dute adituek.

Zapelatz liztor-jalea, berriz, ia hegan egiteko sasoian zegoen umea zen, larri zauritua, eta albaitariaren zaintzari esker hegan egiten ikasteko tokietan oso-osorik osatu da. Berezitasun moduan, esan daiteke hegazti horrek Afrikarantz migratu behar izaten duela, hortaz behin gorputza ondo osatutakoan nahitaez alde egiten utzi behar zaio.

Belatza ezkutuko edo isileko ehiztari batek emandako tiro batez zaurituta sartu zen zentroan eta, bertan tratamendua eman ondoren eta giharren indarra berreskuratutakoan, naturan bere kabuz bizi izateko erabat osatuta dago.

Hontzetako bat zentroa heldutakoan gaixorik zegoen, deshidratatuta, eta besteak traumatismoak zituen. Gure inguruetan umeak hazi ohi dituen espeziea da, ederra, baina zapelatz liztor-jalearekin gertatzen den bezala, orain Afrika alderantz jo behar du, hantxe eman behar izango duelako negua.

Urubiak umeak zirela etorri ziren zentrora, bi izan ezik, bi horiek lesioak zituztelako jaso zirelako. Urubietako batzuek ez zuten inolako arazorik zentrora sartzean. "Batzuetan jendeak batu ohi ditu, borondate on guztiarekin, ume horiek hegan egiteko sasoia iristear dutela, baina jendeak ez du jakiten ume horien gurasoak inguruan izango direla eta gauez inolako arazorik gabe zainduko dituztela", adierazi dutenez.

Zapelatz arruntak, berriz, sedentarioak dira eta seguruenik bizitza osorako geratuko dira gure artean. Horiei dagokienez, isilpeko ehiztari baten tiroa jaso zuen hegaztiaren salbuespena alde batera utzita, gainerakoek hainbat motako zauriak zituzten zentrora sartzean.

Apoarmatu korrontezaleak zentrora sartzeko arrazoiak ezberdinak izan ziren: bat ibilgailu batek zapaldu ondoren iritsi zen Gorlizera, beste bat konfiskazio baten ondoren, eta azkena, gaixorik eta parasitoz beterik, gure hezeguneetatik apoarmatuak edo dortokak ateratzeko ardura duen SOS Galapagos izeneko talde espezializatuak harrapatua. Kontuan hartu behar da gaur egun gure hezeguneetan apoarmatu autoktonoak ere bizi direla.

Kirikinoak Gorlizko zentroan bertan jaio ziren. Ibilgailu batek zapaldutakoan zaurituta iritsi zen ama baten umeak ziren eta ama lehenago itzuli zen natur ingurunera.

Arboretum

Arboretum deritzon gunean askatu dituzte denak. 2007an sortu zen parke botaniko hori eta 11 hektarea inguruko azalera du. Bertan, 1.700 zuhaitz inguru -130 motakoak- eta 6.000 zuhaixka daude. EHUk eta Bizkaiko Foru Aldundiak sinatutako hitzarmenari esker sortu zen gune hori, eta hitzarmenak ingurumeneko kudeaketa ere jasotzen du.

Horrela, kudeaketak hasieran espezie botanikoen finkapenari heldu bazion ere, orain aniztasun ekologikora ere hasi da hedatzen. Hedapen horren adibideetako bat da ehizan egitea debekatuta dagoen gune babestu horretan faunaren aberastasuna bultzatu nahian egindako Gorlizko Fauna Basatia Sendatzeko Zentroko animalien askatze hau.

Animalien askatzea Arboretum-ean (© Bizkaiko Foru Aldundia / © EHU)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun