"Zarra" jaio zen etxea bota dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urr. 9a, 16:43
Telmo Zarraonandia "Zarra" Athleticeko jokalari handia jaio zen Asuako etxea, bertako tren geltokia, eraitsi du Euskotrenek. "El Correo Español" egunkariak zabaldu duenez, eraikina 90 hamarkadaren erdialdetik ez zen erabiltzen, Lutxana-Sondika linea itxi zenetik. Gainera, azken hamar urteetan utzita izan dute. Euskotrenen ustez, eraikina "okupek" hartzeko aukera zegoen eta horrek eta zeukan erortzeko balizko arriskuak botatzeko erabakia eragin zuten. Orain, materiala metatzeko gune bat izango da. Udalaren ustez, berriz, etorkizuneko industrialdeek Lutxana eta Sondika arteko linea berrirekitzea behartuko dute. Geltokiak ehun urte baino gehiago izan arren ez zuen inolako ondare babes legalik. Argazkian, geltokia, bota aurretik.
Dena den, bertako auzokide batzuentzat zein Athleticeko zale askorentzat bazuen sentimenduzko interesa, bertan, aita geltokiko nagusia zuela, Telmo "Zarra" jaio baitzen, 1921eko urtarrilaren 20an. Orain dela bi aste bota zuten "Zarra"-k eta bere bederatzi anai-arrebek pilota eta kanikatan jolasten zuten etxea. Juan Zarraonandia futbolariaren anaiak ikusi zituen eraiste lanen azken uneak, penatuta. "Zarra" 2006ko otsailaren 23an hil zen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun