Koldo Tellitu: "Adabaki gehiagorik ez"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urr. 9a, 20:48

Koldo Tellitu - Berria.info] Hori da gure iritzia. Ez da adabakien garaia. Badirudi ikuspegi hori nagusitzen ari dela hezkuntza komunitatean. Horrela genioen ikasturte hasierako ekitaldian, ikastoletako ordezkarien aurrean, iragan irailaren 24an. Handik egun batzuetara berriro entzun genuen halako zerbait Kristau Eskolak elkarteak antolatutako antzerako ekitaldi batean. Aurretik, sare publikoko ordezkari sindikal bat iritzi bertsuekin azaleratu zen publikoki. Euskal jendartearen ezaugarri sozio-kultural eta ekonomikoak Europako herrialderik aurreratuenen mailan daude. Gure eskoletako ikasleriaren emaitzak ez, ordea. Konstatazio hutsa da. Horrela diote orain arte egin dizkiguten ebaluazioek. PISAk dio, TIMSSek dio, DBHko bigarren mailako zein Lehen Hezkuntza laugarren mailako ebaluazio-diagnostikoek diote… Argazkian, Koldo Tellitu.

Egia da hobeto gaudela konparatiboki inguru geografikoan gertuen dauzkagun hezkuntza administrazioen barrutietakoak baino. Egia da aurrerapenak egon direla. Baina autokonplazentzia ez da bidelagun ona. Geure nortasunaz eta gure hezkuntza sistemaren sendoguneez jakitun izanik, ireki egin behar gara azterketa kritiko partekidetura eta horren harira jokatu, efikaziatik, efizientziatik.

Euskal jendartearen asmoa bada Europako eta mundu mailako markoan egun aitortzen zaizkion mailetan mantentzea eta hobetzea, aurrerapenak egin beharra dauka garapen eta kohesio sozialean, ekonomikoan, kulturalean eta politikoan. Helburu horrek erronka zehatz batzuen aurrean jartzen gaitu. Bakoitzak bere jarduneko arlotik erantzun behar dio helburu horri. Guk uste dugu euskal eskola ez dagoela erronka horien neurrian, edozein dela ere hartzen den administrazio barrutia.

Hezkuntza sistemarako sortu diren legeak zaharkituta geratu dira. Azken hamarkadetan egindako itunak formalki iraungita daude aspaldi, eta ez daukate ordezkorik. EAEri dagokionez Euskal Eskola Publikoaren legeaz ari gara, bere garaian EAJk eta PSOEk eskola itun baterako egin zuten akordioaz, eta beste batzuetaz. Hizkuntza ereduen sistemaz ere ari gara.

Curriculuma, bat egingo duena Ikaslearen oinarrizko konpetentzien garapenarekin, balio unibertsalekin zein gure herriaren nortasun ezaugarriekin; eleaniztasun eragingarria, euskararenganako arreta lehenetsiaz, hizkuntza babesgabeena delako; elkarbizitzarako hezkuntza, jokaleku politiko eta sozial berriarekin bat letorkeena; teknologia berriak eskolan, behar bereziak dituen ikasleriaren integrazioa; immigrazioa; kalitatea eta etengabeko hobekuntza; desberdintasun sozialak gainditzen lagunduko duen eskola ekitatiboa, eta era berean eskola sistema bera ere ekitatiboa, izaera publikoa zerbitzuaren arabera definituz eta ez titularitatearen arabera… Horiek dira euskal hezkuntzaren agendan zintzilik dauden gaietako batzuk.

Horietako batzuetan hezkuntza eragile batzuek, tartean ikastolak, lortu izan ditugu adostasunak Hezkuntza Sailarekin. Ondo dago, baina ez da nahikoa.

Ezagutzen ditugu abian dagoenaren emaitzak. Badakigu zer ibili den ondo eta zer ez.

Puntu honetara iritsita, tarte bat eginez, ez dut ezkutatuko Kataluniako jendartearen erantzuna, Kataluniako klase politikoarena, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak oraintsu emandako epaiaren harira, aurretik Espainiako Auzitegi Gorenak emandakoaren harira, katalan hizkuntzari eta hango eskola sistemari dagokionez. Kontsentsu hori bera nahi nuke nik hemen euskararentzat ere murgiltze sistema defendatzeko, bai eta idatzi honetan azaleratzen den gogoeta partekideturako ere.

Euskal jendarteak nabarmen eboluzionatu du orain artean aipatutako asmoak abian jarri zirenetik. Euskal herritar belaunaldi berriak ari dira jokaleku aktiboan. Dardarizoa, eta ez normaltasun demokratikoa, izan da gure bizitza politikoaren ezaugarri nagusia, orain hodeiertz itxaropentsu bat ikus badaiteke ere.

Horrek guztiak eskatzen du orain arte kontsentsuatutzat ematen zen guztia berrikustea eta etorkizuneko kontsentsuak birzehaztea. Horrela da orokorrean, baina orain eta hemen hezkuntza arloaz ari naiz.

Hain zuzen ere proposatu nahi dut, ikastolen eremutik, gogoeta eta eztabaida zabaltzea hezkuntza komunitate osoan, jendarteari eta eremu politikoari irekia, hezkuntza akordio zabal baten bila, nola-halako itun formal bat eta agian etorkizuneko lege bat izaten buka daitekeena.

Euskal ikasleria, bere hezkuntza mailaren kalitatea, lehen aipatutako erronkei erreparatuta, uste dut izan beharko litzatekeela gogoeta partekidetu honen hari bideratzailea.

Koiunturalismoak, arrakasta handiago edo txikiagoko keinu itxuratiak, gainditu beharra dago. Erronka sistemikoen, erronka integral eta agian aldaketa testuinguru orokor batean ondo integratuen garaia da.

Helburuek, Hezkuntzan, epe ertain-luzekoak behar dute izan ezinbestean, eta horrek berak kontsentsu zabalak eskatzen ditu. Ikuspegi hori barneratu beharra dago eta horrekiko leiala izan, epe motzaren tentazioa gaindituaz.

Badakit eduki orokorreko deien atzean maiz ezkutatzen dela gertuagoko konponketak bideratzeko gaitasun gabezia. Ez oraingoan.

Hori badakigulako, hain zuzen, berresten dut ikusmira iraunkor eta iraunaraziari heltzeko beharra. Berez, akordio zabal horren aldeko deia ez da berria. Agian oraindik eremua gehiago zirikatu beharra dago, eskariaren orbana handiagoa egin dadin. Baina behin beharra gizartean txertatuta geratu denean, agian iritsi da ordua lehen egutegi batez hitz egiten hasteko, bide-orri baten hastapenak zirriborratuz joateko. Hezkuntza Administrazioari bustitzea dagokio, aitzinean jartzea.

Hori da haiengandik espero duguna. Baina ez egonean geratzen denaren jarreratik, baizik eta jarduera aktibotik, eskua zabalik eta borondaterik onena azalduaz jardunari lehenbailehen eusteko.

Koldo Tellitu leioaztarra eta Ikastolen Elkarteko lehendakariak atzo "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun