Getxoko Bildu: "Ehun egun eta gero"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urr. 10a, 19:04

Dagoeneko 100 egun igaro dira Bilduren lau zinegotziok Udaletxera eraman gintuzuen. Ehun egun hauetan asko ikusi eta ikasi egin dugu eta horregatik zuengana gatoz azaltzera orain arte egindakoa eta egiten ari gainera, zuek baitzarete gure lanaren motorra eta bultzatzaileak eta zuen aurrean soilik erantzun beharra dugulakoan. Zuekin elkarlanean emandako aurrera pausoez hasiko gara. Alde batetik, parte hartzearen aldeko pauso garrantzitsutzat dugu Osoko Bilkurak arratsaldez egiteko proposamena onartu izana. Uztailetik aurrera, osoko bilkurak hileko azken asteartean 17:00 egiten dira. Herria udaletxera hurbiltzea eta Osoko Bilkurak herritarron ahotsa entzuteko bozgorailu bat ezinbestekoa jotzen dugu. Argazkian, Getxoko Bilduren zinegotziak herritarrez inguratuta, udaletxeko atarian.

Beste aldetik, arriszkua zela eta, Azkorrira doan Zientoetxe kaleko bidegorria kentzea onartu da. Hori auzokide eta Euskotreneko langileekin batera egindako lanaren fruitua izan da. Orain alternatibak lantzen gabiltza, Azkorri inguruan bizikleta garraio gisa erabili ahal izatearen alde.

Herriko gazteen eskubideen aldeko aldarrikapena iraileko Osoko Bilkurara eraman genuen. Mozio baten bitartez, irailean bertan Espainiako Audientzia Nazionalean epaitutako 11 gazte getxoztarren eta euren senideen eskubideen alde egiteko eskatu genion udalbatzari. EAJk, PPk eta PSEk mozioaren kontra bozkatu arren, lorpentzat daukagu herriko gazteen oinarrizko eskubideen aldeko aldarrikapena bilkura aretoan entzun izana. Bildu Getxotik herrikide guztien eskubideen alde lan egiten jarraituko dugu.

Badaude landu ditugun beste gai batzuk, bilatzen genuen fruitua lortu ez arren. Legegintzaldia hastearekin batera udal talde politikoen soldaten eta liberazio kopuruen inguruko eztabaidan, soldatak eta taldeen liberatu kopurua nabarmen jaistearen alde egin zuen Bilduk; EAJk ez zuen gure proposamena onartu eta Alderdi Popularraren laguntzaz lortu zuen aurretik finkatutakoari jarraipena ematea.

Bestalde, guretzat oso garrantzitsua den lana egin dugu udaletxetako hormetatik kanpo. Herriko eragile zein elkarteekin harreman sendoak finkatze aldera, harreman sarea sortzen hasi gara. Ezinbestekoa ikusten dugu herritarron eta elkarteon iritzia eta jakintza biltzea herria eraikitzen erabili ahal izateko. Horretarako Bilduren lehen herri-asanblada egin genuen uztailean eta laster bigarrena egingo dugu, egindakoaren berri eman eta zuen proposamenak jasotzeko.

Sare sozialen bitartez zein gure web gunean (www.bildu.info/getxo) udal informazioa kaleratzen jarraituko dugu. Laster, Bildu buletina martxan jarriko dugu interesgarria izan ahal zaizuen udal informazioa etxean jaso dezazuen.

Amaitzeko, Getxoko Udalean aurkitu dugunaren balorazio orokorra egitea besterik ez zaigu gelditzen. Argi utzi nahi dugu Gobernu Taldetik egin zaizkigun dei guztiei erantzun diegula Bildu Getxo Udal Taldetik. Prestutasun osoa agertu dugu beharrezko gai guztiak hitz egin eta eztabaidatzeko. Hala ere, gurekin akordioetara heltzeko nahia aipatu badigu ere, EAJk lortutako akordioak Alderdi Popularrarekin izan dira orain arte.

Herritik oso urrun dagoen Udala aurkitu dugu, fisikoki zen komunikazio aldetik. Herritarron parte hartzea ekimen sinbolikoetara besterik mugatzen ez duen Udalarekin topo egin dugu, informazio eskuratzeko ere oztopoak besterik jartzen ez dituena. Ez dira getxoztarrak herria eraikitzeko eragile aktibo gisa kontuan hartzen, eta hori aldatu nahi dugunok oztopo asko aurkitzen ditugu, Barne Araudia dela edo informazio eskuratzeko eta zabaltzeko bideak direla.

Hala ere, getxoztarrek eraikitako Getxo baten alde egiten jarraituko dugu.

Eskerrik asko eta hurrengora arte!

Getxoko Bildu
bildu.info/getxo
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun