Astearte honetan, urriak 11, ostiraleko lan-istripua salatzeko elkarretaratzea egingo du
Metro Bilbaoko enpresa batzordeak. Hitzordua 11:30ean jarri dute konpainiako bulego nagusiaren aurrean, Bilboko Nafarroa kaleko 2. zenbakian. Euskal Trenbide Sarea egiten ari den 3. lineako obretan izan zen ezbeharra. Horren ondorioz Estructuras Cosvimar enpresako langile bat hil zen, 52 urteko E.E.B. gizona. Gauzak horrela, zenduaren familiari, lagunei eta lankideei elkartasuna eta babesa adierazi die Metro Bilbaoko enpresa batzordeak. Horretaz gain, Euskal Trenbide Sareari zein garraio konpainiako arduradunei "hiriarteko trena eraikitzeko obretan prebentzio-neurri egokiak eta beharrezkoak aplikatzen direla bermatzea" eskatu diete. Administrazioei, berriz, "herri lanetan halakorik berriro ez gertatzeko neurri eraginkor eta benetakoak hartzea" galdegin diete. Argazkian, LABek deituta, lan-istripuen kontrako elkarretaratzea eskualdean / © Sopela.net.