Izatez gainera, "aukerak oso gatzak badira ere", Udalak ez du baztertzen dagoen epe txikian "jabeek eta semeek", Koldo eta Tere eta beraien senideak, alegia, baserria erosteko asmoa agertzea. Kasu hipotetiko horretan Udalak ez luke erosiko.
Landak onartu duenez, orain arte alkatetzan bizi dituen "egun gogorrenak" izan dira azken bi asteak, herri mobilizazioari esker lortu eta hainbat alderen arteko negoziazioetan eman dituztenak. Argitu duenez, Udalak ez die baserritarrei mailegua edo hipoteka ordaindu, baizik eta Jesus Goiti "jabe legalarekin" negoziatu duen, Udalak "balore handiko ondare" berria izan dezan. Hortaz, bestelako kasuekin diskriminaziorik ez legokeela izango esan du. Dena den, zehaztu duenez, antzeko kasuren baten berririk ez dute izan orain arte. Bestalde, afera guzti honetan bere laguntza eta baita dirua ere eskaini duten guztiei bere esker ona agertu du, Udalaren partez. Azkenik, Koldo eta Tereren egoera konpontzea garrantzitsuena zela azpimarratu du.
340.000 eurotik 200.000ra
Unzalu Salterain EHNE-Bizkaiko kideak nabarmendu du hainbat gizarte kolektiboek hona heltzeko egin duten komuneko lana eta komunikabideek hartu duten jarrera ere "horrelakoetan zer gertatzen den zabaltzeko baliagarritzat" jo du. Batez ere, irailaren 27an agertutako elkartasuna eta handik aurrera egindako lana azpimarratu du sindikalistak. Hiru eremutan ibili direla lanean zehaztu du. Juridikoki, "zilegitasuna eta justizia bat ez" datozenez, "zirrikitu gutxi" utzi die "iruzur" honek. Instituzionalki, Udalarekin eta udal alderdiekin abiatutako lana bat etorri da azken eremuarekin, Jesus Goiti mailegu-emaileari begirako negoziazioarekin.
Gogoratu duenez, aurretik Goitirekin hainbat alditan saiatu zen EHNE-Bizkaia gakoa konpontzen, beti ere, baserritarrek jasotako dirura eta horrek eragin litzakeen interes legaletara mugatuta. Izan ere, sei urtetan, Koldo eta Tereri baserriko teilatua konpontzeko 44.500, 135.000 eta 25.900 euroko hiru mailegu eman zizkien hirurak Carlos Ramos Villanueva notarioaren aurrean eta Caixa Cataluñaren bidez. Baina horietatik bikoteak 54.000 bat euro baino ez zituen jaso eta ordainketetan atzeratu zirenean %29ko interesak ezarri zizkieten. Azkenean, hirugarren kreditua ordaindu ezinik zeudela hasi zen desjabetze prozesua, tartean hainbat "mehatxu" eta "iruzurrak" izan zirela Jokin Txapartegi EHNE-Bizkaiaren abokatuaren arabera. Aurrekoetan Goiti jaunak 340.000 euro eskatzen bazituen ere, negoziazio eta oihartzun mediatikoari esker, azkenean 200.000 euro "soilik" behar izango du Udalak baserria eta lur-sailak erosteko.
Hori guztiori kontuan hartuta, lukurreriaren mugan dauden jokamoldeekin "eztabaida soziala egin behar" dela iritzi dio Salterainek, bai mailegu-emaile pribatuen kasuan, baita banku eta kutxetan ere. Alde horretatik, argi kritikatu du banketxeei laguntza publikoak ematen zaizkien bitartean hiritarren arazoei muzin egitea. "Hipoteka oporrak" bezalako neurriak babestu ditu.
Hika-mika
Prentsaurrekoa abiatu baino lehen, azken uneko eztabaidak izan dira Berangoeta kultur etxean, Berangoko Udalak EHNE-Bizkaiarekin baino ez baitzuen nahi agerpena egin, orain bi aste zein ordutik hona izandako beste kolektibo batzuk bertan agertu gabe. Azkenean, horrela egin dute, ondoren argazkia bateratua atera dutela.
Agerpenaren bideoa (cc-by-sa Koska irratia)
Agerpena iruditan