Josu Rodriguez eta Mikel de Gregorio gazte algortarrei launa urteko espetxe zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak. Irailaren 19tik 22ra epaitutako Uribe Kostako gainontzeko bederatzi mutilak, berriz, absolbitu egin dituzte, eskualdeko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Abokatuen eskutik jakin dute eta, zehaztu dutenez, "oraindik sententzia ez da publiko egin, eta ezin dugu tribunalaren arrazoiketa azaldu". Algorta, Getxo eta Berangoko hamaika gazteen kontrako epaiketaren azken saioan ETAko kide izatearen akusazioa atzera bota zuen fiskalak. Horren ordez, eta sute, mehatxu eta kalte delituak leporatuz, aurretik auziperatuentzat eskatzen zituen isunak espetxe zigor bihurtu zituen azken alegatuan, kale eraso bakoitzeko bi urteko espetxe zigorra eskatuta. Halere, lehergailuak edukitzeagatik eskatzen zuen zigorra sei urtetik laura jaitsi zuen. Argazkian, auziperatuek epaiketaren aurretik emandako prentsaurrekoa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!