Urriaren 12a ospatzera behartuak egoteak erakusten du geure egutegi propioa osatzeko gaitasuna ukatzen jarraitzen zaigula; jai hauek erabaki eta ezartzen dituztenen aldetik ez dago inolako borondaterik jendarteak zer ospatu nahi duen eta zer ez kontuan hartzeko. Areago, urteko lan egutegiari dagozkion jai egunak ere bai, hauek ere inposaketarako baliatzen ditu espainiar Gobernuak, Patxi Lopezen eta Miguel Sanzen Gobernuekin batera, herri borondatearen gainetik eta honen aurka.
Euskal Herria nazioa da eta euskal jendarteak libre eta demokratikoki bere etorkizun instituzionala, ekonomikoa eta soziala erabakitzeko eskubide osoa du. Euskal Herrian bizi dugun une ekonomiko zein politikoak aldarrikapen hori inoiz baino ozenago egitera garamatza, gainera.
Espainia gainbeheran den une honetan, Euskal Herriko eremu politikoan garai berri bat ari da gorpuzten. Ukazioan oinarritutako ziklo politikoa behin betiko ixtearen alde, Euskal Herriaren aitortza defentsan diharduten eragile politiko, sozial eta sindikalei eskua luzatzen diegu herri honentzat oinarrizkoak diren eskubideen alde —lan egutegi propioarena kasu— indarrak batu eta aurrera urratsak egiteko, gaurko aldarrikapenak biharko erabaki izan daitezen. Gaurko politikak nola aldatzen ditugun eztabaidatzen hasteko momentua da. Benetako aldaketak bultzatu nahi ditugun eragileon arteko eztabaida irekitzeko unea da.
Inposatutako jai egunaren aurrean, lan egingo du bihar LABek; egoitza guztiak zabalik izango dira ohiko ordutegiarekin. Berton bizi gara, berton egiten dugu lan, eta geure lan egutegia berton erabakitzeko eskubidea dugu. Bada garaia inolako mugarik eta baldintzarik gabe, lan egutegiaren gaineko eztabaidari ekiteko.
LAB sindikatua
www.labsindikatua.org