Bi astetan zehar hainbat motako ikuskizunak izango dira. Kalean, Shakespearen unibertsora era originalean gerturatzen den "Udamina" ikuskizuna eta "Anomalia magnetica" gizartearen porrota ardatza duen lana izango dira ikusgai. Halaber, "Hienas rellenas" obra barregarriak zoritxarrean bizi diren hiru pertsonaien istorioa kokatuko du, eta "MANIAtic@s" lanak antzerkia eta umorea uztartuko ditu. Haurrentzako eskaintzari dagokionez, bi txotxongilo lan izango dira: "Libertia" eta "Leihotik mundura". Lehenengoak, helduentzat ere egokia, bidaia fantastikoa proposatzen du; bigarrenean, poesia eta umorea uztartzen dira. Pailazoak ere ez dira faltako "Beldurraren etxea" lanari esker eta, azkenik, "¿Quien ha visto a Dulcinea?" antzezkizun originalak On Kixoteren pasadizo ezagunenetako batzuk moldatu ditu haurren gozamenerako. "Oilaskotxea" eta "Camping Renove" adin guztientzako kale ikuskizunek osatuko dute jardunaldien eskaintza.
Sarrerak salgai
Andres Isasi Musika Eskolako emanaldiak ordaindu egin beharko dira, eta sarrerak, BBKren orotarako kutxazainetan, www.bbk.es web-orrian, Algortako kultur etxean, aretoan bertan ikuskizuna hasi baino ordu bat lehenagotik, eta 944 310 310 eta 944 914 080 telefono zenbakietan erosi daitezke. Gainontzeko emanaldietarako sarrerak doan izango dira.
Antzerki jardunaldietan taularatuko dituzten obretako batzuk (© Getxoko Kultur Etxea)