Leioako Euskara Zerbitzua, Berbalamiñe euskara elkartea, Lamia AEK euskaltegia eta Mastitxu udal euskaltegia dira egitasmo honen sustatzaileak. Guztien helburua, "herritar orori euskaraz bizitzeko aukera eskaintzea da, euskararen presentzia gure kaleetan eta gizartean beharrezkoa baita". "Azken aldian denon ahotan dabiltza interneteko sare sozialak. Harreman sare birtual horien balioa eta beharra ez dugu guk zalantzan jarriko, guk ere erabiltzen ditugu, baina egiatako sare sozialak, aurrez aurreko harreman sareak, atsegin badituzu eta gainera euskara praktikatuz eraiki nahi badituzu, ez duzu inon ezer klikatu behar; izena ematea besterik ez", azaldu dute.
Abantaila ugari
Mintzapraktika programa euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzean datza. Hori dela eta, Euskal Herriko lurralde guztietako hiri, herri eta auzoetan hainbat dira martxan dauden mintzapraktika programak. Egitasmoetako partaideek EHUko kredituak eskuratu ahal izango dituzte, bidaia eta egonaldietarako deskontuak, "Aizu!" aldizkaria eta "Berria" egunkaria merkeago, eta beste hainbat abantaila.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.