"Gorliz 1750-1850: marinel elizatearen epilogoa" izenburuko hitzaldia eskainiko du ostegun honetan, urriak 13, Maria Jose Torrecillak, Europako Ondarearen Jardunaldien barruan. Hitzordua 19:00etan jarri dute Teresianoan (Eloisa Artaza kalea, 1). Hala ere, ez da hori gai horri buruz Gorlizen egongo den ekimen bakarra izango. "Ondarea, gurpil gainean" lelopean, bisita gidatuak egingo dituzte hilaren 15ean (11:00etan), 21ean (17:00etan) eta 22an (11:00etan). Turismo bulegotik abiatuta, "bizikletan eginiko ibilbidean, ikusiko dugu XIX. mendearen hasieran Gorlizen ere batzuk Ilustratuen proposamenekin bat egiten saiatu zirela. Batzuetan, itsasoarekin lotutako lana zeukaten gizonak izan ziren aldaketak sustatu zituztenak. Aldaketa horiek lerro soil eta arrazionalak zituzten eta elizatearen erdigunean eraiki ziren etxe berrietan ikus daitezke. Baina aldaketak landa-mundura ere iritsi ziren, baserrietara; izan ere, ustiategiak aldatu zituzten egoera hartara egokitzeko, teknika eta produktu berriak onartuta", azaldu dute tokiko kultur arduradunek. Izena emateko 946 774 348 telefono zenbakira deitu edo
turismo[abildua]gorliz.net helbide elektronikora idatzi beharko da. Argazkian, Gorlizko Andra Mari Sortzez Garbiaren eliza / © Gorlizko Udala.