Ikasle Abertzaleek egindako
deiari erantzunda, gaur goizean dozenaka ikasle egin diote intsumisioa Hispanitatearen egunari eskualdean. Getxoko Aixerrota institutuan 50 ikasle izan dira eta Leioako Barandiaran ikastetxean beste dozena bat, IAk jakinarazi duenez. Itzubaltzeta / Romo eta Leioako Betiko ikastolak ere ateak ireki ditu. Barandiaranen,
Askartza-Claret Leioako ikastetxe pribatuaren egoera aztergai izan dute. Besteak beste, zentroak Batxilergoko 2. ikasturtean D eredua urratzen duela salatu dute, hautazko ikasgai guztiak (anatomia, ekonomia, artearen historia eta literatura unibertsala) "espainolez baino ez" dituela eskaintzen esanez. Berriki, ikasleek ikasgai horiek euskaraz eskatzeko sinadura bilketa egin zuten, 70 bat sostengu jasoz. IAko kideek salatutakoaren arabera, zuzendaritzako kide batzuek sinatzaileetariko batzuk "gela batera eraman" eta "mehatxatu" zituzten. Horretaz gain, janzkeran "zentsura politikoa" egitea, kartelak jartzen debekatzea eta curriculumean Euskal Herriaren historia beharrean Espainiarena zabaltzea leporatu diote Askartzari. Bestalde, Leioako Udaltzaingoak ikasle bat identifikatu du. Argazkian, herri eskolez gain hainbat protesta izan dira eskualdean Hispanitate egunaren aurka.