“Bluenights” izena jarri diote ostiral honetan, urriak 14, Kultur Leioak eskainiko duen jazz kontzertu txiki ereduari. Tokiko iturriek azaldu dutenez, musikari bizkaitarrek osatutako oinarrizko banda bat –kasu honetan, Leioako
Travellin´ Brothers taldea– eta Espainia mailan edo nazioartean sona handia duen artista gonbidatu bat izango dira. "Ezer prestatu gabe aritzen dira, bat-batean, eta, era horretan, blues musika beltzaren benetako magia harrapatzea lortzen dute", zehaztu dutenez. Gainera, giro lasaian egonda, gonbidatuak musikan izan duen ibilbidearen berri emango du, eta musikaren mundu zoragarrian gertatu zaizkion pasadizoak azalduko ditu. Gaua amaitze aldera, artista gonbidatuak "jam session" bat gidatuko du. Mikel Azpiroz izango da Travellin´ Brothers leioaztarren gonbidatua, Elkano Browning Cream taldeko organista eta arima. Saioa 22:00etan izango da, 6 euroren truke. Argazkian, Mikel Azpiroz Elkano Browning Cream taldeko organista eta arima / ©
Kultur Leioa.