Areetako ludotekak 10 eta 11 urteko umeentzako jarduerak izango ditu larunbat arratsaldetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko urr. 14a, 09:48

Getxoko Udalaren ludotekak 10 eta 11 urteko umeei zuzendutako jarduerak antolatu ditu larunbat arratsaldeetarako, urriaren 22tik aurrera. Lehen jarduera biharko zegoen aurreikusita, baina, zenbait arazo tarteko, bertan behera geratu da. "Zure bizitzako zapaturik onenak" goiburuko ekimena da aurtengo berritasuna. Helburua aipatu adineko haurrak ludotekara joatera animatzea da, tokiko arduradunen arabera, eta horretarako egokiak izan daitezken jarduera bereziak izango dira larunbat arratsaldeetan, 17:00etatik 20:00etara. Gainontzeko egunak txikiagoentzat izango dira: astelehen, asteazken eta ostiralak 5 eta 6 urteko neska-mutilentzat; eta astearte eta ostegunak 8 eta 9 urtekoentzat. Biak ala biak 17:00etatik 20:00etara. Getxoko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, lehenengo bi larunbatetan, hilaren 22an eta 29an, sarrera irekia izango da txikiek zerbitzua ezagutu dezaten; eta hortik aurrera, hau da, azaroaren 5etik aurrera, umeek ludotekan izena eman beharko dute bertara sartzeko. Argazkian, Areetako ludotekako umeak judo tailer batean / © Getxoko Udala.

Jarduerak urriaren 22an jarriko dira martxan "ziberjaia" eta meriendarekin. Gainontzeko ekimenei dagokienez, urriaren 29an, skate ikastaroa izango da; azaroaren 5ean skate parke batera joango dira; azaroaren 12an bisita egingo dute Algortako Gauegun gaztelekura; azaroaren 19an zinea izango da; azaroaren 26an eskulanen tailerra; abenduaren 3an irteera bat antolatu dute; abenduaren 10ean sukaldaritza tailerra izango da; eta abenduaren 17an irteera egingo dute Haurren Gabonetako Parkera. Izena emateko ludotekan bertan, Areetako Eskoletako plazan, galde dezakete interesatuek edo 944 660 355 telefono zenbakira deitu.

Udan 145 ume

Bestalde, ludotekak udan eskaintzen duen zerbitzua 145 umek erabili zuten ekainaren azken astetik abuztuaren 31ra bitartean, goizez. Udalak hirugarren ludotekaria kontratatu zuen. Guztira, 46 egunetan egon zen irekita ludoteka, eta 22tan bete egin zen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun