Itzubaltzeta / Romoko Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso politikoa animo oihu eta txalo artean jaso dute gaur auzokideek. Gonzalo larri gaixorik dagoen ama bisitatzera eraman du gaur 12:30ean Ertzaintzak, segurtasun neurri handien artean. Ordu batez egon da etxean. Bere etxe aurrean agurtu dute auzokideek sartzean zein alde egitean eta nahiz eta tentsio une batzuk bizi arren ez da istilurik sortu. Gonzalo irribarretsu erantzun die bildutako 50 bat senide, lagun eta auzokideei, ertzainek eraman duten bitartean. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak "Kitxuri" elkartasuna adierazi dio "une samin hauetan".Getxo irratiko eta Egin irratiko kazetari izandakoa 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein Angel Figueroarekin batera. Hiru sabotaje burutu zituen Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. "Kitxu"-k hainbat liburu idatzi ditu espetxean.